Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak webinar bat antolatu du irailaren 24rako nekazaritzako elikagaien sektoreari zuzendua, Elikadura Katearen Legearen aplikazioa indartzeko.
Raul Perez Iratxeta Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeak zehaztu duenez, ekimen horrekin, Eusko Jaurlaritzak "araudi hori aplikatzea bultzatuko du, elikadura katean sortutako balioaren banaketa bidezkoagoa eta orekatuagoa bermatzeko funtsezko tresna gisa, ekoizleetatik hasi eta banaketaraino".
Horretarako, gogorarazi duenez, "ekoizleen eta erosleen artean hitzartutako prezioek, gutxienez, ekoizpenaren benetako kostuak estali behar dituzte, nekazaritzako ustiategien jasangarritasuna arriskuan jartzen duten galeretarako salmenta praktikak saihesteko".
Betebehar hori ez betetzea arau hauste larria da eta 3.000 eurotik milioi bat eurora bitarteko isunak jar daitezke kasu oso larrietan.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko arduradunek eta aditu juridikoek parte hartuko dute topaketan, eta araudiaren funtsezko alderdiak, ikuskapen eta zehapen prozedura eta merkataritza harremanetan oreka handiagoa lortzera bideratutako kontratuen eta negoziazio jardunbide egokien adibide praktikoak aztertuko dituzte.
"Ekintza horrekin, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du Elikadura Katearen Legearen ezagutza hobetzeko, ekoizleen eskubideak babesteko, kontratu harremanetan gardentasuna sustatzeko eta elikadura-katearen eredu bidezkoagoa eta jasangarriagoa bultzatzeko konpromisoa, sortzen den balio erantsiaren banaketa orekatua egon dadin", zehaztu du sailburuordeak.
Sareko saioa irailaren 24an izango da, 10:00etan, eta interesa duten pertsona eta erakunde guztientzat dago zabalik. Aurretik Eusko Jaurlaritzako Elikadura Sailaren webgunean izena eman behar da, Elikagaien Kalitate eta Sustapenerako Zuzendaritzan, hain zuzen ere.