Eusko Jaurlaritzak Rene Cassin giza eskubideen sariaren 22. ediziorako deialdia egitea onartu du aste honetako gobernu kontseiluan. Saria 25.000 eurokoa da, eta giza eskubideak sustatzen, defendatzen eta hedatzen konpromiso pertsonal edo profesionala nabarmendu duten pertsonak eta erakundeak aitortzea du helburu.

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, epaimahaikideak bizikidetzaren eta giza eskubideen esparruan ospe handia duten pertsonak dira, hala nola Arritxu Marañon Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren sailburuordea, Manuela Mesa CEIPAZ Bakearen Ikerketarako Hezkuntza Zentroaren zuzendaria, Maria Ojanguren Gernika Gogoratuz zentroaren zuzendaria eta 2010ko Rene Cassin sariduna eta Izaskun Saez De la Fuente Deustuko Unibertsitateko Gizarte Eraikuntzarako Etika Masterreko zuzendaria.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, Juan Jose Alvarez EHUko Nazioarteko Zuzenbideko katedradunak, Mikel Mancisidor NBEko Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Batzordeko kideak, Carlos Martin Beristain giza eskubideetan aditu eta 2020ko Rene Cassin saridunak, Barbara Ruiz Balzola UNRWAko ordezkari eta 2024ko Rene Cassin saridunak eta Ainhoa Zugasti Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendariak osatuko dute epaimahaia.

Saria 2003an sortu zen eta Rene Cassinen izena darama

Saria 2003an sortu zen eta Rene Cassinen izena darama. Rene Cassin Baionan jaio zen 1887an, eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren sustatzaile nagusitzat jotzen dute. Bakearen Nobel Saria jaso zuen 1968an, giza eskubideen alde egindako lan nekaezinarengatik.

DATA

Orain arte saria jaso duten pertsonen eta erakundeen artean daude Maiatzeko Plazako Amonak Elkarte Zibila, Desmond Tutu, Sexual Minorities Uganda, Federico Mayor Zaragoza, Alec Reid, Koro Erdozia Lasa, Elisa Loncon Antileo, Dora María Téllez, ICDP-Heriotza Zigorraren Aurkako Nazioarteko Batzordea eta, iazko edizioan, UNRWA Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko NBEren Agentzia.

Rene Cassin saria abenduaren 10ean emango da, Giza Eskubideen Eguna ospatzen den egunean, eta hautagaitzak datozen hilabeteetan aurkeztu ahal izango dira.