Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Berdintzen bekak sustatzen ditu, euskararen eta genero berdintasunaren arloan ikerketa lanak bultzatzeko, eta horrela generoaren eta hizkuntzaren inguruko ezagutza esparrua osatu eta indartzeko. Bada, Jaurlaritzako gobernu kontseiluak astearte honetan onartu du 2024ko deialdia, eta 30.000 euro bideratu ditu lau ikerketa lan sustatzeko, hau da, 7.500na euroko lau beka emango ditu.

Biziberritze prozesua

Hain zuzen, Jaurlaritzatik jakitera eman dutenez, hizkuntza gutxituaren biziberritze prozesuak generoari lotuta ulertzeko ikerketa teoriko edota metodologiko demolinguistikoak, generoaren ikuspegia txertatuz eraikitzen diren hizkuntza gutxituaren biziberritze prozesuei buruzko ikerketa aplikatuak, generoa eta hizkuntza uztartzen dituzten corpus, komunikazio edota diskurtso azterketak eremu ezberdinetan, eta hizkuntza gutxituaren biziberritzean emakumeek izan duten rolari buruzko ikerketa lanak izan beharko dira lau ikerketa gaiak.

Proiektuak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, aste honetan onartutako agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Ondoren, hautaketa batzorde batek proiektuak aztertu eta bekak esleituko ditu.

Bi ikerketa lanek jaso zuten beka iaz

Iazko deialdian bi ikerketa lanek jaso zuten beka: Euskaraz sarean garatzen den mezu feministaren analisia: gaiak, eztabaidak eta ikusgarritasuna (Maider Eizmendi, Simon Peña, Ainara Larrondo, Ainhoa Novo eta Julen Orbegozo) eta Lurdes Iriondo, isilarazitako ahotsa (Jon Martin).