BasqueFIK Euskadiko finantza eta inbertsio klusterra sortu da, irabazi asmorik gabeko elkarte gisa, euskal ekonomiaren finantza ekosistema eta inbertsio ekosistema eraldatzeko, enpresa eta industria sarearen lehiakortasun iraunkorrari laguntzeko eta lurralde ongizatea eta garapena handituko dituen ekonomia sozialagoa eta iraunkorragoa sortzeko.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan da kluster berria aurkezteko ekitaldiaren buru, Lehendakaritzan, Gasteizen. Klusterrak estatutu propioak eta gobernantza definitu bat izango ditu, eta Industria Koiunturaren Behatokian parte hartuko du aurki, Euskadiko gainerako klusterrekin batera.
Urkullurekin batera, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburua eta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburua izan dira, besteak beste, eta BasqueFIK klusrreraren talde sustatzailearekin bildu dira.
Bere hitzaldian, Urkulluk azpimarratu du BasqueFIK "izaera estrategikoko ekimena" dela eta ibilbide on bati erantzuten diola, historikoki, Euskadik "ekosistema finantzario sendoa" izan baitu eta erreferentzia izan baita historia berrieneko etapa askotan.
"Gure ibilbideak ekosistema finantzario eta inbertitzaile dinamiko gisa bermatzen gaitu. Une historiko bakoitzak erronka, behar eta aukera berriak planteatzen dizkigu, denboran eta baliabideetan apustu irmoa eskatzen dutenak", azpimarratu du.
Horrela, BasqueFIK klusterreko buru Artizarra Fundazioko Jon Ander de las Fuentes izango da, eta lehendakariorde Kutxabankeko Fernando del Hoyo (Kutxabank). Talde sustatzailea nagusiki erakunde pribatuek osatzen duten arren, Jaurlaritzak ordezkaritza du klusterrean, Arrisku Kapitalaren Kudeaketaren (SPRI Taldea) eta Finantzen Euskal Institutuaren bidez, bai eta Bizkaiko Aldundiak ere, Seed Capital Bizkaia sozietatearen bidez.
Izaera pribatuko gainerako erakunde sustatzaileak honako hauek dira: ABE Capital Partners SGEIC, Elkargi, Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Federazioa, BBK Fundazioa, Garrigues, IKEI Research & Consultancy, Kaizaharra Corporacion Empresarial, Kutxabank, Laboral Kutxa, Multiverse Computing, Norgestion S.A., Santander, Sociedad Rectora de la Bolsa de Valores de Bilbao S.A.U., Artizarra Fundazioa eta Tecnalia Ventures.
FINANTZA KULTURA ZABALDU
Lehendakariak berak eskatuta eratutako BasqueFIK klusterraren lehentasun nagusia finantza kultura zabaltzea da. Halaber, tresnei, erakundeei eta finantza funtzioari buruzko ezagutza areagotu nahi du enpresan eta herritarren artean. Horrela, klusterra euskal ekonomiarako zeharkako ikuspegi batekin sortu da.
Horretarako, beharrezkotzat jotzen dute profesionalak eta talentua sortzea, eta Euskadin ezagutza eta talentu finantzarioa eta inbertitzailea erakartzeko eta errotzeko lan egingo du, tokiko lehiakortasuna eta enpresen errotzea indartzen laguntzeko eta Euskadi ingurune erakargarriagoa bihurtzeko, proiektu estrategikoak eta eraldatzaileak garatzeko eta inbertsioak erakartzeko.
Nolanahi ere, eraldaketa digitala eta teknologia aurreratua sustatzeari emango dio lehentasuna, I+G arloaren bidez, eta teknologia berriak inbertsio eta finantzaketa tresnetan ere aplikatuko dira, start-up enpresak azeleratuz.
BasqueFIK klusterrak bere gain hartuko du finantza sektorea bera dinamizatzea, 'networking', prestakuntza eta lankidetza jarduerak sustatuz, bai eta Informazioa Zabaltzeko Behatokia sortzea ere.