Bingen Zupiria eta Arantxa Tapia sailburuek Languages Lanean kongresua aurkeztu dute Bilbon. Urtarrilaren 18 eta 19an Bilbon izango den kongresu honek aukera emango du lan eta jarduera ekonomikoaren eremuan hizkuntzen kudeaketen erronkei buruzko esperientziak ezagutzeko eta irakaspenak partekatzeko, baita horien gainean eztabaidatzeko ere. Horretarako, Euskal Herriko zein nazioarteko hizlariak gonbidatu dira. Hitzaldiez gain, gai jakinen arabera antolatutako mahai-inguruetan parte hartu ahal izango da.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak antolatu dute kongresua. Euskalduna Jauregian Bingen Zupiria eta Arantxa Tapia sailburuek aipatu dute hizkuntza-kudeaketaren konplexutasuna ulertu behar dela globalizazioa, aniztasuna edo nazioartekotzearen testuinguruan. Halere, Hizkuntzen kudeaketak lan munduan onurak dakartzala azpimarratu dute.

Bingen Zupiriak azaldu duenez, azken hamarkadetan euskara eremu berriak irabazten aritzea ezinbestekoa izan da euskararen indarberritze prozesuan. “Languages Lanean” kongresua mugarri berria da lan-eremuan euskararen presentzia areagotzeko. “Ez gara hutsetik abiatzen, eta uste dugu azken urteotan landutakoa baliagarria izan daitekeela adibideak eta jardunbide egokiak ezagutzeko eta ikasteko, helburu batekin: euskararen normalizazioan aurrera egiten jarraitzea, baita enpresa arloan ere.”

Bestalde, Arantxa Tapiak ziurtatu du enpresa batek hizkuntza kudeaketari buruzko hausnarketa egiteak eta erabakiak hartzeak lehiakortasuna irabazteko eta kalitatezko produktu edo zerbitzua eskaintzeko balio duela: “Hizkuntzen kudeaketa enpresaren kudeaketa prozesuan txertatua duen enpresa lehiakorragoa izango da merkatuan: barne prozesuak hobetuko ditu eta kalitatezko zerbitzua eskaintzeko berme handiagoa izango du”.

Egitarau zabala eta 50 hizlari baino gehiago

Bi eguneko topaketa izango da, eta Bilbon izango du egoitza; urtarrilaren 18an Euskalduna Bilbao Jauregian eta 19an Guggenheim Bilbao Museoan. Kongresua hiru zatitan banatuko da:

Urtarrilaren 18 goiza: Eusko Jaurlaritzako eta Europar Batasuneko ordezkariak egongo dira, baita bertako zein nazioarteko enpresetako arduradunak ere. Hala, hizkuntzen kudeaketaren gaia Europar Batasuneko testuinguruan aztertzeaz gain, Google, GKN edo Mondragon Korporazioak euren esperientziak azalduko dituzte.

Urtarrilaren 18 arratsaldea: Euskalduna Jauregian bertan gai eta sektore desberdinen araberako mahai-inguruak izango dira. Orotara, lau areto egongo dira. Izena ematerako garaian lau areto horietako bat aukeratu behar izango da:

‘Pertsonak’ eta ‘Nazioartekotzea’ aretoa.

‘Hizkuntzen kudeaketarako baliabideak’ eta ‘Enpresa txiki eta ertainak’ aretoa.

‘Sektore publikoa’ eta ‘Hezkuntza eta lan mundua’ aretoa.

‘Hizkuntza teknologiak’ eta ‘Zerbitzuaren kalitatea’ aretoa.

Urtarrilaren 19 goiza: Hizkuntzen kudeaketaren gaia kultur eremuko sortzaile eta eragileen ikuspegitik aztertuko da. Bertan izango dira besteak beste, Esti Urresola gidoilaria, zuzendaria eta ekoizlea; Itziar Ituño aktorea edo Pello Reparaz musikari eta ekoizlea.

Zergatik da garrantzitsua hizkuntzen kudeaketa egokia egitea?

Nazioarteko testuinguruan mugitzeko nahiz gure interes taldeekin komunikatzeko, gure erakunde eta enpresetan hizkuntza bat baino gehiago erabili beharra dugu askotan. Komunikazio hori modu egokian kudeatzen ez bada, eragina izango du zerbitzuaren kalitatean eta lehiakortasunean.

“Hizkuntza-kudeaketa aurreratuak enpresaren talentua garatu, elkarlanean aritzeko gaitasuna hobetu eta lehiakorragoa izaten lagun dezake. Horretaz gain, ekarpena egiten die euskararen sustapenari eta Europako kultura-aniztasunari”.