“Jarduera 2022ko ekainean aurkeztutako Berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri Itunarenesparruan egingo da eta, aurten, haren konpromisoetako bitan jarriko du arreta: emakume eta neskatoen ahalduntzea eta eraldaketa digitala”.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak Emakunderen bidez antolatutako Berdintasuna, zientzia eta teknologia. Paradigma aldatzea helburu Nazioarteko Biltzarra atzo eta gaur egingo da Donostiako Miramar Jauregian. Iñigo Urkullu lehendakariak hasiera eman dio nazioarteko, Estatuko eta tokiko adituak biltzen dituen biltzarrari; horretan, dauden genero-desparekotasunak eta -arrakalak jorratu eta zientziaren eta teknologiaren esparruan emakumeen eta gizonen berdintasuna sistematikoki txertatzeko beharrezkoak diren eraldaketak aztertu nahi dira. 

Biltzar honekin “gogora ekarri nahi da zientzian eta teknologian dagoen genero-arrakala emakumeek eremu horretan duten presentzia eta ikusgarritasun txikiagoaz harago doala; hain zuzen, eremu horren ikuskera androzentrikoa da oraindik ere. Horregatik, paradigma aldatu behar da, berdintasuna modu sistematikoan txertatzeko”. Gainera, lehendakariak adierazi du Euskadi berdintasuna azkarrago lortzeko nazioarteko ekimenekin lerrokatuta dagoela eta ezinbestekoa dela talde-lana; horregatik, euskal gizarteari Herri Itunarekin bat egiteko eskatu dio. Gainera, azaldu du bere gobernuaren helburu nagusia datorren belaunaldia berdintasunaren belaunaldia izatea dela. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak nabarmendu duenez, zientziaren eta teknologiaren arloko eragileen eguneroko jardunean genero-ikuspegia txertatzeko tresna zehatzak nola ezarri aztertuko da Biltzarrean. Era berean, adierazi duenez, “emakumeek zientzian eta teknologian duten rola eta haien bokazio zientifikoa aitortzea sustatuko da, eta nagusi den maskulinitate-ereduak gaur egungo sistema zientifiko-teknologikoan duen eraginari helduko zaio. Baina, batez ere, zientziaren eta teknologiaren arloko eragile guztien konpromisoa bilatuko duten etorkizunerako proposamenak egingo dira”.