Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatua Jundizko industrialdean izan da, Arabako Elikagai Bankuak soberako elikagaiak biltegiratu eta hautatzeko erabiltzen duen pabiloian. Elikagai Bankuak enpresa eta erakundeetatik eta kanpaina berezien bidez jasotzen ditu soberako elikagai horiek, gero pertsona eta familia behartsuei laguntzen dieten elkarteei banatzeko. Gorka Urtaranek berretsi egin du elkarte horrek gizartean baztertuta geratzeko arriskuan dauden 1.400 familia ingururekin egiten duen lanari Foru Aldundiak ematen dion babesa.
Ildo horretan, Gizarte Politiken Saileko titularrak nabarmendu du Foru Aldundiak aurten aparteko laguntza eman diola erakunde horrek 2022an izan duen defizita konpontzeko, zeina prezioen inflazioaren, dohaintzen beherakadaren eta laguntzak eskatzen dituzten pertsonen gorakadaren ondorio izan baita. Zehazki, 40.000 euro gehitu zaio erakundeari emandako dirulaguntzari, eta aurten 52.000 euro jaso ditu. “Injekzio horrekin, Arabako diputatu nagusiak defizita konpentsatzeko hartutako konpromisoa bete dugu”, adierazi du Gorka Urtaranek.
Arabako Elikagai Bankua irabazteko xederik gabeko elkartea da, eta boluntarioek osatua. Helburutzat du marjinazio, langabezia eta pobrezia egoeretan laguntzea, eta, horretarako, elikagai soberakinak eta premia biziko beste gai batzuk biltzea, biltegiratzea eta pertsona kalteberei doan banatzea.
Ana Belén Otero Gizarte Zerbitzuen zuzendaria lagun zuela, foru diputatuak erakundearen jardueraren egungo egoeraren berri izan du. Daniel Fernández lehendakaria eta Jesús García Morketxo eta Jaime Bobadilla zuzendaritza batzordeko kideak izan dira erakundearen ordezkariak.
Erakundeko arduradunek elikagaiak biltzeko eta lurraldean premiarik handiena duten pertsonen artean banatzeko funtzionamendua erakutsi dute. Lan hori boluntarioek bakarrik egiten dute; berrogeita hamar bat inguru finkoak dira, eta une puntualetan milatik gora izaten dira boluntarioak.
Gorka Urtaranek, egin duen bisitan, eskerrak eman dizkie boluntario guztiei Elikagaien Bankuan egiten duten “lan handiagatik”. Une honetan, azaroan egingo den Elikagaien Bilketa Handiaren kanpaina prestatzen ari dira.