Europako Batzordeak legegintza-proposamen bat aurkeztu du aste honetan desgaitasuna duten pertsonen zirkulazio askerako eskubidea gauzatzea erraztuko duena. Baldintza bereziak, lehentasunezko tratua eta aparkatzeko eskubideak baldintza berdinetan izatea bermatuko diete beste estatu kide bat bisitatzen dutenean. Batzordearen proposamenak Desgaitasunaren Europako Txartel normalizatu bat sartzen du, eta desgaitasuna duten pertsonentzako egungo Aparkatzeko Europako Txartela hobetzen du. Bi txartel horiek Batasun osoan aitortuko dira.

Eusko Jaurlaritzak Desgaitasunaren Europako Txartela sortzen parte hartu du, hainbat ekarpenekin. Joan den otsailean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak iradoki zuen, Bruselak irekitako kontsultan, Europar Batasuneko erregelamendu bat behar zela, desgaitasun “ikusezinei” eta biktima diren neska eta emakumeei arreta emateko.

Desgaitasunaren Europako Txartela

Gaur egun, pertsona bati atzerrian desgaitasun-izaera aitortzen ez zaionean, ezin ditu baldintza bereziak eta lehentasunezko tratua lortu beste estatu kide batzuk bisitatzean, hala nola, doakotasuna eta lehentasuna, tarifa murriztuak edo laguntza pertsonala. Gai horri heltzeko, Batzordeak Desgaitasunaren Europako Txartel normalizatua sortzea proposatu du.

Desgaitasunaren Europako Txartelak desgaitasunaren proba aitortu gisa balioko du EB osoan, eta bermatuko du baldintza bereziak eta lehentasunezko tratua izatea zerbitzu publiko eta pribatuetan, hala nola, garraioan, kultura-ekitaldietan, museoetan, kiroldegietan, aisialdi-zentroetan eta jolas-parkeetan. Agintari nazional eskudunek emango dute, eta dauden txartel edo ziurtagiri nazionalak osatuko ditu.

Aparkatzeko Europako Txartela hobetzea

Desgaitasuna duten pertsona askorentzat, autoz egindako garraio pribatuak autonomia bermatzen du, eta independentziaz bidaiatzeko eta mugitzeko modurik onena edo bakarra izaten jarraitzen du. Egungo Aparkatzeko Europako Txartelean proposatutako hobekuntzek beste estatu kide batean eskuragarri dauden aparkatzeko eskubide berberak izateko aukera emango die desgaitasuna duten pertsonei. Formatu komun loteslea izango du eta desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartel nazionalak ordezkatuko ditu, eta EB osoan aitortuko da.

Txartelen eskuragarritasuna bermatzea

Txartela erabiltzea errazteko eta karga administratiboa murrizteko, proposatutako Zuzentarauak honako hau eskatuko die estatu kideei: txartela bertsio fisikoan nahiz digitalean ematea; txartelak formatu irisgarrietan emateko edo kentzeko baldintzak eta arauak jendearen eskura jartzea; eta nolabait ere ziurtatzea zerbitzu-hornitzaileek desgaitasuna duten pertsonentzako baldintza bereziei eta lehentasunezko tratuari buruzko informazioa formatu irisgarrietan eskainiko dutela.

Betetzen dela ziurtatzeko, estatu kideek zaindu behar dute desgaitasuna duten pertsonek, horiek ordezkatzen dituzten erakundeek eta dagozkien erakunde publikoek, behar izanez gero, neurriak har ditzaketela estatuko legeriaren arabera. Zuzentaraua estatuko Zuzenbidean onartu ondoren, estatu kideei isunak jartzeko eta, arau-hausterik gertatuz gero, neurri zuzentzaileak ezartzeko eskatzen zaie.

Hurrengo etapak

Batzordearen proposamena Europako Parlamentuan eta Kontseiluan eztabaidatuko da orain. Proposamenak aurreikusten du, onartu ondoren, estatu kideek hemezortzi hilabete izango dituztela Zuzentarauko xedapenak estatuko legerian txertatzeko.

Desgaitasuna duten pertsonentzako Desgaitasunaren Europako Txartela eta Aparkatzeko Europako Txartela ezartzen dituen Zuzentarau-proposamena Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko EBren 2021-2030erako estrategian iragarri zen. Proposamena lagungarria izango da EBk desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioa (CPDP) ezartzeko. Konbentzio horren parte dira EB eta estatu kide guztiak. CDPDk hainbat betebehar ditu, estatu kideek desgaitasuna duten pertsonek zirkulazio-askatasunerako dituzten eskubideak aitortu ditzaten gainerakoen baldintza berberetan. Era berean, estatu kideei eskatzen die neurri eraginkorrak har ditzatela desgaitasuna duten pertsonen mugikortasun pertsonala bermatzeko, ahalik eta independentziarik handienarekin, eta, bereziki, mugikortasun pertsonal eskuragarria errazteko, pertsona horiek aukeratzen duten moduan eta unean. Gainera, proposamena bat dator gizarte-eskubideen Europako oinarriko desgaitasuna duten pertsonen inklusioaren eta aukera-berdintasunaren printzipioekin.

Ekimena 2016 eta 2018 artean Belgikan, Zipren, Estonian, Finlandian, Italian, Maltan, Errumanian eta Eslovenian egindako Desgaitasunaren Europako Txartelaren proiektu pilotuaren emaitzetan oinarritzen da. Gainera, duela gutxi egindako kontsulta publiko baten bidez eskuratutako ezagutzak biltzen ditu. Kontsulta horrek 3 300 erantzun baino gehiago jaso zituen, eta horietatik % 78 desgaitasunen bat zuten pertsonenak ziren.