Iñigo Urkullu Lehendakaria, eta Alain Rousset, Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko Presidentea, Adina Vălean Europako Garraio komisarioarekin bildu dira atzo arratsaldean. Bideokonferentzia bidezko topaketa horren bidez, Atlantikoko korridorearen aurrerapenei heldu ahal izan diete. Europaren intereseko lehentasunezko proiektua da, mugaz gaindiko herritarren beharrei erantzuten die eta Iberiar Penintsula eta Frantziako hego-mendebaldea Europako gainerako lurraldeekin lotzen ditu. Proiektua, halaber, trantsizio ekologiko eta energetikoaren helburuen barruan kokatzen da. 

Iñigo Urkulluk eta Alain Roussetek eskerrak eman dizkiote Europari, lehenik eta behin, Bordele-Hendaia-Gasteiz interkonexioa, zeina Atlantikoko korridorearen sare nagusiaren zati baita, 2030ean amaituta egon dadin emandako laguntzagatik, eta, bigarrenik, RTE-T sareei buruzko negoziazioen esparruan, Europako dirulaguntzetan mugaz gaindiko interkonexio horiei lehentasuna eman behar zaiela azpimarratzeagatik.  

Pozik agertu dira Europar Batasunak Bordele-Akize linea berrirako eta Euskal Y-rako ikerketei eman dien finantza-laguntzarekin. Era berean, GPSOk azken hilabeteotan aurrerapauso erabakigarria eman duela nabarmendu dute, Atlantikoko korridorea egiten lagunduko baitu: GPSO sozietatea eratzea, zeinaren Zaintza Kontseiluan Carlo Secchi Atlantikoko korridorearen Europako koordinatzailea baitago. 

Jarraian, Iñigo Urkulluk eta Alain Roussetek Espainia eta Frantziaren arteko Atlantikoko korridorearen mugaz gaindiko interkonexioaren egoerari buruzko kezka sakona azaldu dute. Eskualdeko eta nazioarteko erdiguneak lotzeko eta Europa barruan bidaiarientzako eta salgaientzako karbono-isuri baxuko mugikortasun jasangarriaren erronkei aurre egiteko, ezinbestekoa da Europako garraio-sare interkonektatua, elkarreragilea eta egituratzailea garatzea. Ildo horretan, azpimarratu dute beharrezkoa dela, Europako gidalerroak erabat errespetatuz, abiadura handiko linea berri bat eraikitzea mugaraino, Bordele-Akize linea eta Euskal Y-a lotuko dituena. Izan ere, ohiko linearen hobekuntzak ez dira nahikoak.  

Iñigo Urkulluk eta Alain Roussetek atsekabea agertu diote Europako komisarioari. Izan ere, arriskua dago Espainiako eta Frantziako gobernuek 2030ean Atlantikoko korridorea osatzeko Europa mailan hartutako konpromisoak ez betetzeko. Hori dela eta, zer neurri hartuko dituen galdetu diote Frantziak eta Espainiak lana bizkortu dezaten. 

Lehendakariak eta Presidenteak azpimarratu dute badela garaia Europako Batzordeak eskura dituen neurri guztiak har ditzan, estatu kideek eta ukitutako administrazio guztiek RTE-T Erregelamenduan ezarritako betebeharrak garaiz eta behar bezala bete ditzaten, hau da, Atlantikoko korridoreko core networka 2030ean amaituta egon dadin, elkarreragingarritasun-parametroen barruan. Modu berean, ahalegin horietara Europako funts nahikoak bideratzearen garrantzia nabarmendu dute, Europako balio erantsi ukaezina baitute. 

Bileran, gogora ekarri dituzte Arku Atlantikoaren Batzordeko kideen Cardiffeko Adierazpena eta Atlantikoko Merkataritza Ganberen Bilboko Adierazpena; iragan maiatzean eta ekainean onetsi ziren, hurrenez hurren. Bi testu horietan, kideek EBko erakundeei eta inplikatutako erakunde guztiei eskatzen diete ahal duten guztia egin dezatela Atlantikoko korridorearen sare nagusia, Bordele eta Euskal Y-aren arteko linea berria zerbitzuan jartzea barne, Europako Batzordearen egutegiaren arabera amaitu dadin. 

Estatuko abiadura handiko sarea eraiki ondoren —haren parametroak bat datoz elkarreragingarritasun-arauekin eta, bereziki, Europako bide-zabalerarekin—, GPSOk Atlantikoko korridorea 2030erako osatzen lagunduko du. Erabakigarria izango da salgaiak tren bidez garraiatzearen aldeko transferentzia modala areagotzeko, eta, hala, ohiko lineek ahalmen handiagoa izateko.