Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburua jakitera eman duenez, Lehendakariak Gobernu Kontseiluari jakinarazi diola, bera eta Alain Rousset Nouvelle Aquitaineko presidentea Europako Garraio komisarioa den Adina Veileanekin elkartu direla aste honetan.

Zupiriak azaldu du bilera bideokonferentzia bidez egin dela eta Iberiar penintsula eta Frantziako hego-mendebaldea lotu beharko dituen korridore atlantikoarekin lotutako gaiei errepasoa egitea izan duela helburu. Proiektu hori trantsizio ekologiko eta energetikoen helburuen barruan dago eta 1996an sortutako Europa barneko Garraio Sarearen parte da.

Bingen Zupiriak adierazi duenez, bilera horretan, lehendakariak eskatu du Bordele-Hendaia-Gasteiz interkonexioa 2030erako garaiz eta modu egokian egitea eta lehentasuna ematea mugaz gaindiko interkonexio horiei Europa barneko Garraio Sarearen (TEN-T) esparruan egiten diren inbertsioen artean. Era berean, interkonexio horren egungo gauzatze-egoerari buruzko kezka azaldu du lehendakariak, eta abiadura handiko linea berri bat eraikitzearen beharra azpimarratu du, Bordele-Akize eta Euskal Y-a lotuko dituena, Europako araudian jasotako konpromisoak errespetatuz eta elkarreragingarritasuna bermatuz.

Bestalde, Osakidetzako LEPetan antzemandako gorabeherei dagokienez, Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu du gorabeheren berri izan bezain laster Osakidetzaren webgunean argitaratu zela horri buruzko informazioa, eta zegokion epaimahaiak horiek konpontzeko hartu zituen erabakiak zehaztu zirela.

Bingen Zupiriak gogorarazi du Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikoak Eusko Legebiltzarrak onartutako prozeduraren arabera egin direla. Hala, adierazi duenez, gorabehera horiek Osakidetzaren egituraren kontroletik kanpo daude, "probak eta azterketak egiteko ardura duten epaimahaien erantzukizuna dira betiere hautagai guztien arteko berdintasuna bultzatzeko helburuarekin", adierazi du.

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur landutako beste hainbat gai, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 830.000 euro bideratuko ditu programa esperimentalak finantzatzeko bazterketa-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonei gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko. Bingen Zupiriak azaldu duenez, programa honi esker inklusio-sistema egituratzen duten eragileak indartu nahi dira, herritar kalteberenen babesari eutsi eta azken urteotan bizi izan den krisi-egoeraren ondorioz sortu diren premiei erantzun.

Bestalde, gaurko Kontseiluak Autonomia Erkidegoko sektore publikoko langile guztientzat telelanaren formula arautuko duen Dekretua onartu du. Dekretu honek erreferentziazko gutxieneko neurri batzuk jasotzen ditu eta ondoren, gutxieneko horiek sektore-eremu bakoitzaren berezitasunetara egokitu beharko dira. Bozeramailearen hitzetan, dekretu berri honek telelanaren modalitatean sartzeko aukerak zabaltzen ditu eta eremu publikoko, erakunde autonomoetako, hainbat sektoretako (Hezkuntza, Osasuna, Segurtasuna eta Justizia) eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako, sozietate publikoetako eta sektore publikoko fundazio eta partzuergoetako langile gehiagotara iristen da.