Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok 2022ko Euskadiko Merkataritzaren Barometroa aurkeztu du gaur, Merkataritzako zuzendari Elena Morenorekin batera. Sailaren menpeko Enfokamer Merkataritzaren Euskal Behatokiak egindako azterlana da, eta Euskadiko merkataritza-sektorea aztertzea, deskribatzea eta monitorizatzea du helburu nagusi.
Sailburuak nabarmendu duenez, azterketek erakusten dute merkataritzak digitalizazioa eta omnikanalitatea lortzeko joera duela. Izan ere, Barometroak berak adierazten du merkatariak gero eta gehiago digitalizatzen ari direla eta online salmenta ia 5 puntu handitu dela, % 20raino. “Dendek beren tokiko identitateari eusteko aukera izan behar dute, baina trantsizio teknologikora egokitzeko gai izan behar dute ere, bezeroaren esperientzian eta zerbitzuetan txertatuta. Izan ere, saltokien % 70ek zerbitzu gehigarriak eskaintzen ditu, eta hori funtsezkoa da bezeroak erakartzeko eta leialtzeko, Euskadiko Merkataritza Behatokiak duela gutxi egindako zerbitizazioari buruzko azterlanak adierazi zigun bezala”.
Era berean, sailburuak azaldu du kontuan hartu behar direla biztanleriaren zahartzea eta hiri-habitataren aldaketak, gizarte-kohesioko merkataritzarako rol berriak dakartzatelako eta ematen zaizkion hurbiltasun eta arreta pertsonalizatuko balioetan islatzen direlako. Eta, azkenik, jasangarritasunak eta kontsumo arduratsuak garrantzi handiagoa hartzen dute bai herritarrentzat, bai merkatari kontzientziatuagoarentzat, zeinak erosketa-ohituretan eta salmenta-moduetan kontzientziazio hori gauzatzeko urratsak eman behar dituen.
“Eta digitalizazio- eta kontsumo-ohitura berrietara egokitzeko prozesu horretan guztian, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 2030erako Merkataritzaren Euskal Estrategia bat jarri du abian, merkataritza-politika berrituak ezartzeko, eraldaketa teknologiko sakon horrek markatutako merkataritza-agertoki berri batera egokituak. Eta, gainera, beste laguntza batzuekin ere babesten ditugu, besteak beste modernizaziorako laguntzekin (MEC). Laguntza horiek 4 milioi euroraino igo ditugu”.
Barometroa hainbat bloketan egituratzen da, Euskadiko txikizkako merkataritzaren testuingurua definitzeko. Lehenik eta behin, establezimenduen ezaugarri fisikoak eta enpleguarekin eta langileen eta arduradunen profilarekin lotutakoak aztertzen ditu. Sektore esperientziaduna eta txikia da, establezimenduaren batez besteko antzinatasuna 23 urtekoa da eta batez besteko tamaina 128 metro koadrokoa. MikroETEetan (% 95,7) oinarritutako sektorea da; % 71k 1 edo 2 pertsonari ematen die lana, eta % 4,3k bakarrik gainditzen ditu 10 enplegatuak.
Enpleguari dagokionez sektore feminizatua da; 10 langiletik 7 emakumeak dira, zehazki % 68,5, aurreko Barometroan baino 1,5 puntu gehiago. Era berean, enplegatuen ia % 65ek 45 urte baino gehiago ditu. Establezimenduaren erregimenari dagokionez, merkataritza-establezimenduen % 57,7 alokairuko lokalak dira.
Puntu honetako beste atal bat saltokien ordutegiena da. Saltokien % 76k ordutegi zatitua eskaintzen du, eta % 86,2k ez du igande edo jaiegunetan irekitzen. Horri dagokionez, sektorearen % 4,5 baino ez dago igande edo jaiegunetan irekitzearen alde, nahiz eta datu horrek gora egiten duen 10 langile baino gehiago dituzten establezimenduetan.
Bigarrenik, merkataritzak teknologia berriekin duen lotura aztertzen du Barometroak. Teknologiaren mailan, merkataritzaren sektoreak gailu teknologikoak berritu izana nabarmentzen da gehien. Aurreko Barometroan ikusten zen irudi komertzialean eta lokalen egokitzapenean egindako inbertsioak oso altuak izan zirela azken 6 urteetan (% 73,3). Orain, % 67,6ra jaitsi da, gailu teknologikoak berritzearen edo sartzearen alde (% 53,5), batez ere TPVak.
Kobratzeko moduei dagokienez, 2 salmentatik batek ordaintzeko bide elektronikoren bat erabiltzen du. Ia saltoki guztiek onartzen dute eskudirutan eta kreditu-txartelarekin kobratzea, % 26,7k onartzen dute mugikorrarekin ordaintzea eta % 10,6k bizumarekin. Online salmentei dagokienez, merkataritzaren ia % 20k dio online kanalaren bidez saltzen duela, ia 5 puntu gehiago. Hala ere, online salmentarik izan gabe epe laburrean ezartzeko asmorik ez duten saltokien ehunekoa handia da ( % 81).
Aztertutako hirugarren ardatza negozio-bolumenaren pertzepzioa eta laguntzetarako sarbidea dira. 2022ko salmenten pertzepzioak, 2021ekoaren aldean, atzerakada txiki bat izan du. Batez ere, elikaduraren sektoreak baldintzatzen du egoera inflazionista batean, eta sektore batzuek, besteak beste modak, osasunak edo edertasunak goraldi bat nabaritu zuten. Merkataritza-sektoreak ere lehia eta salmentak aktibatu ditu, eta 2022an parte-hartze handiagoa izan du merkealditik kanpoko sustapen eta eskaintzetan (+6,7 puntu). Eta ikusten dugu egutegi komertzialean Black Friday bezalako kanpainak finkatzen direla, eta batez ere Moda, Osasuna eta Edertasuna azpisektoreak gero eta parte-hartze handiagoa duela.