Lehendakariak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputatu nagusiek lehenengo bilera egin dute aste honetan, orain arte partekatutako lan-esparruak ebaluatzeko eta, Foru Aldundietako lantalde berriak eratu ondoren, datozen urteotarak herrialde-proiektu eta -erronka nagusiak aztertzeko. 

Bileran maila anitzeko gobernantza-eredua eta erakundeen arteko lankidetza berretsi dituzte, herrialdeko proiektu estrategikoak bultzatzeko helburu argiarekin, hori baita Euskadiren Aurrerapena bultzatuko duen ikuspegia. Horrela, orain arte partekatutako lan-esparruak ebaluatu dira, eta datozen urteetarako proiektu eta erronka nagusiak aztertu dira.

Ajuria Enean egin den bileran, oraingo legealdi autonomikoan elkarrekin landutako jarduerak garatzen eta herrialde-proiektu partekatu bat lantzen jarraitu behar dela egiaztatu dute, begirada 2040an jarrita. Proiektu horrek egungo euskal gizartean, etorkizuneko belaunaldi berrian, pentsatzea eta Euskadik ingurune globalean lehiakortasuna eta ongizatea lortzen jarrai dezan beharrezko ekintzak diseinatzea eta abian jartzea izan behar du helburu. 

Topaketan, Ramiro Gonzalezek, Elixabete Etxanobek, Eider Mendozak eta Iñigo Urkulluk oso balorazio positiboa egin dute lau erakundeek foru-aldundien aurreko legealdian, egungo legealdi autonomikoan, elkarrekin garatu dituzten ekimenei buruz.

Horrela, BERPIZTU Programaren esparruko elkarlana eta Lurralde Historiko bakoitzeko Lehentasunezko Jarduera Zonaldeetako inbertsioei emandako bultzada, 180 milioi euro izendatuta dituena eta jarduera ekonomikoa suspertzera eta enplegu-aukerak sortzera bideratua, nabarmendu dituzte. 

Horrez gainera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurraldeetako inbertsio estrategikoen erakundearteko planaren emaitzak ere aipatu dituzte. Lau erakundeek elkarrekin abian jarritako planak 528 milioiko zuzkidura du.

Bestalde, Ukrainaren inbasioak inflazioan izan dituen eraginak arintzeko elkarrekin garatutako neurri ekonomiko eta fiskalak ebaluatu dituzte, eta nabarmendu dute 2023 honetan egiazta daitezkeela herritarrengan eta euskal gizarte osoan dituzten ondorio positiboak. 

Abian dauden neurrien artean, aipatzekoak dira: PFEZrentarifaren tarte guztiak % 5,5 deflaktatzea; lan-etekinei aplikatu beharreko atxikipenen taula egokitzea; zerga-oinarri orokorra 35.000 eurora artekoa duten aitorpenetan aplikatu beharreko 200 eurora arteko kuota murriztea; edo pertsona autonomoak eta 50 milioitik beherako eragiketa-bolumena duten enpresak 2022ko hirugarren eta laugarren hiruhilekoen ordainketa zatikatuak aurkeztetik salbuestea. 

Erakundeen arteko lanaren eta koordinazioaren emaitza diren neurri horiek 1.000 milioi euro inguruko inbertsioa suposatu dute guztira.

Bai lehendakariak bai diputatu nagusiek egoera sozioekonomikoaren bilakaera aztertzen eta ebaluatzen jarraituko dute. Horrela, erabaki dute familiei eta enpresei laguntzeko neurri bateratu berriak onartzea behar izanez gero. 

Lehendakariak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputatu nagusiek lehenengo bilera egin dute aste honetan, orain arte partekatutako lan-esparruak ebaluatzeko eta, Foru Aldundietako lantalde berriak eratu ondoren, datozen urteotarak herrialde-proiektu eta -erronka nagusiak aztertzeko.