Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotzi eta alkateordeak, Beatriz Artolazabalek, harrera egin dio Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko zuzendaritza-batzordeari. Haren presidentea, Pablo Ortiz de Zárate izan da buru. Hauxe izan da Udala eratu eta Elkargoko zuzendaritza-batzordea berritu ostean egindako lehen topaketa eta baliagarria izan da “komunikazio-bidea” finkatzeko. Komunikazio horri dagokionez, Artolazabalek espero du “arina eta emankorra izango” dela.
Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Gasteizko Udaletik jakinarazi zutenez, topaketa horretan, espazio publikoarekin lotutako hainbat esku-hartze landu dituzte. Haietako batzuk Udalak dagoeneko abian dituenak dira, eta beste batzuk hurrengo hilabeteotarako aurrez ikusitakoak. “Lankidetza oinarritzat hartuta eraiki nahi dugu eta kolektibo profesional askoren elkarlana jaso nahi dugu. Kasu honetan, Arkitektoen Elkargoarena eta gaur sortutako elkarrizketa hau sakontzeko konpromisoa hartu dugu gure gain. Hirirako emaitza positiboak izango dituen entzute aktiboa da”. Horrekin lotuta, alkateordeak udazkenean beste bilera bat egiteko deia egin dio zuzendaritza-batzordeari “Udalak eta Elkargoak elkarlanean bidera ditzaketen jarduera horiek guztiak zehaztasun gehiagoz aztertu ahal izateko”.
Bestalde, Artolazabal prest agertu da hiriko espazio publikoa hobetzeko asmoz ideien lehiaketak antolatzeko Elkargoak egindako eskaera aurrera eramateko. “Elkarrekin aztertuko dugun eta berritzen eta hobetzen lagun diezagukeen proposamena da”, adierazi du.