URAk behin betiko onartu du Ziako errekaren uholdeetatik babesteko eta saneamendua hobetzeko lanen proiektua, jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren. Bi proiektu horiek batera burutuko dira, hainbat fasetan banatuta, eta 46,9 milioi euroko inbertsio globala beharko dute.

Aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, URA-Uraren Euskal Agentzia obren 1. FASEA udaberri honetan bertan lizitatzeko prestatzen ari da (saneamenduaren arloko jarduketa osoa eta ubideratzearen lehen zatia), 22.105.177 euroko inbertsio orokorrarekin (BEZa barne).

Horretarako, ezinbestekoa da datozen asteetan URAren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Andoaingo Udalaren artean obrak gauzatu eta finantzatzeko hitzarmena sinatu ahal izatea; erakunde bakoitzeko gobernu-organoek argi berdea eman beharko dute datozen egunetan. Aldundiak saneamendu-jarduketaren % 40 finantzatuko luke 4.289.317 eurorekin, eta Udalak 390.567 euro finantzatuko lituzke hornidura-sare berriari dagokionez (1,3 kilometroko eroanbide berria Super Amara eta Martin Ugalde artean) edo lurzoruak jarrita. Gainerako jarduketa 17.425.291 eurorekin (saneamenduaren finantzaketaren % 60a eta bideratzearen % 100a), eta proiektuaren idazketa, kontratazioa eta obraren zuzendaritza URAri egokituko zaio.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak aurreratu ditu URA Andoainen gauzatzen hasiko den proiektuaren xehetasunak. Berarekin izan dira Amaia Barredo, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea; Maider Lainez, Andoaingo alkatea; Antonio Aiz, URAko zuzendari nagusia; eta proiektua bultzatzen duen talde teknikoa.

Tapiaren arabera, “uholdeen aurrean babesteko eta Ziako errekaren saneamendua hobetzeko proiektuak anbizio handikoak dira, eta URAk 3 fasetan gauzatuko ditu”. Aurreratu duenez, “arazo hidraulikoak eta isurketenak konpontzea ahalbidetuko du, baita Ama Kandida inguruko hirigintza-eraldaketa desblokeatzea eta erraztea ere”. URArentzat “funtsezkoa da hirigintza eta ingurune hidraulikoa elkarrekin harmonian bizitzea; aire zabaleko erreka edukitzeak ingurune bizigarria eta atseginagoa sortzea ahalbidetuko du”. Sailburuak aitortu zuenez: “badakigu Andoaingo herriak premia handia duela Ama Kandidaren eremua eraberritzeko, segurtasuna hobetzeko eta etxebizitza berriak sustatzeko”. Adierazi duenez, “espero dugu Ziako erreka arazo izatetik Andoainerako auzo berri bat eraikitzeko aukera izatera pasatzea”.