- Aspaldi du Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoko herritar gehienak Frantziaren baitan urtu egin zirela, batik bat Mundu Lehen eta Bigarren gerren ondoren. Joan den igandeko hauteskunde presidentzialaren lehen itzuliko emaitzek hori berretsi dute. Euskal lurraldeek ez dute oraindik Frantziako argazki bera eskaintzen baina lehen aldiz bost hautagai bozkatuenen artean bi eskuin muturrekoak dira. Korrikaren eta milaka euskaltzaleren oihar-tzuna oraindik entzuten delarik, minbizia bezala ideia ilunenek hedatzen segitzen dute gero eta indar gehiago hartuz gurean ere.

Duela bost urte bezala, Emmanuel Macron garaile agertu zen hiru lurraldeetan botoen %29 eskuratuz. Fran-tziako estatuan ez bezala Jean Luc Mélenchon ezkertiarra (%18) sailkatu zen bigarren tokian eta ez Marine Le Pen (%15,6). Ultra eskuindarrak emaitzak hobetu ditu halere, boz kopuruan eta baita portzentaiari dagokionez. Kanpaina hasi baino lehen Miarritzera etorri zen Eric Zemmour polemistak botoen ia %7 eskuratu zuen. Le Pen hautagai bozkatuena da izan da berriz Etxarrin eta garaile atera da ere Bidaxunen (%24), Gixunen. Bigarren indarra da Donapaleu, Hazparne eta Senpere bezalako herrietan. Bere aldetik, Mélenchon bozkatuena izan da Hendaian eta bigarren tokian dago Baiona eta Miarritzen. Jakobinoa, dezentralizazioaren aurka eta hizkuntz gutxituen aitortzaren kontra izan arren, Euskal Herrian ere babes zabala lortu ohi du Mélenchonek. Yannick Jadot hautagai ekologistak %5,56 baizik ez zuen lortu.

Kanpaina hasi baino lehen, Jean Lassalle diputatu zentrista euskal-biarnesak hautetsien babes zabala jaso zuen presidente gai izateko bigarren aldiz. Igandean, herritar askok bere alde egin zuen ere hautes-ontzietan diputatu ibilbidearen balantzea hutsaren hurrengoa izan arren. Botoen %12arekin Fran-tzia mailako emaitzak laukoizten ditu euskal lurraldeetan. Valérie Pécresse errepublikanoak botoen %4,9 besterik ez zuen eskuratu denbora luzean golistek arrakasta handia izan zuten lurraldean. Eskuina nagusi den udalerrietan ere emaitza kaskarrak izan zituen kontserbadoreak : %7 Miarritze eta Donibane Lohizunen eta %5 Angelun. Les Républicains bere alderdiak dauka alkatetza Lapurdiko kostaldeko hiru hiri horietan. 2017an sozialistek zaplastekoa hartu ondoren, igandean kontserbadoreek kolpe latza jasan zuten.

Emmanuel Macron eta Marine Le Penek, lehian jarraitzen duten bi hautagaiek, datozen egunetan telebistan egingo duten aurrez aurreko eztabaidaren zain dago jende asko Ipar Euskal Herrian ere. Apirilaren hogeita lauan egingo den bigarren itzuliaz gain, ekainaren 12 eta 19an egingo diren hauteskunde legegileak gogoan dituzte ere askok. Izan ere, egun horietan Iparraldeko hiru diputatuak aukeratu beharko dira datozen bost urteetarako.

Ipar Katalunia eta Kortsikan eskuin muturra garaile atera zen alde handiarekin. Azken urteetan, kortsikazaleek irabazi ohi dituzte lurralde eta legegile hauteskundeak baina presidentzialean Jean Marie Le Penen alaba sailkatzen da lehen postuan botoen herenarekin.

%29

Duela bost urte bezala, Macron garaile agertu zen hiru lurraldeetan botoen herena eskuratuz. Mélenchon ezkertiarrak %18 lortu du eta azkenik, eskuin muturreko Marine Le Pen-ek botoen %15,6 lortu ditu.