DONOSTIA. Ekitaldiak bi zati izango ditu. Lehenbizikoan, memoria historikoaren egia sendatzeko proposamenei buruz hausnarketa egingo da, eta bigarren zatian, frankismoaren biktimei aitorpen instituzional gorena egingo zaie. "Jardunaldi osoan presente egongo den erresilientziaren ideiak zailtasunaren ostean zutitzeko gaitasunari erreferentzia egingo dio", adierazi du Jaurlaritzak.
Ekitaldiak bi helburu zehatz izango ditu. Lehenik eta behin, frankismoaren biktima guztiak gogorarazi nahi dira eta elkartasuna adierazi nahi zaie, bizi izan zuten sufrimendu bidegabea aitortuta, eta bigarrenik, biktimen eta gizartearen arteko batasuna eta elkartasuna sustatu nahi da, iraganari begi kritikoz erreparatuta eta etorkizunean itxaropena izanda.
Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernandezek hasiko du jardunaldia 0930ean. Haren hitzaldiaren ostean, elkarrizketa prozesu bat egingo da eta jardunaldian parte hartuko duten guztiek iritzia emateko aukera izango dute. Jasotako ekarpenekin, dokumentu bat prestatu eta Irekia.euskadi.eus Jaurlaritzaren webgunean argitaratuko da.
Partaidetza elkarrizketaren ostean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak frankismoaren biktimen aitortza instituzionaleko ekitaldia gidatuko du. Biktimak aitortzeko hirugarren ekitaldia izango da, eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren ekitaldien barruan egingo da. Lehenbizikoa otsailaren 20an izan zen, eta 107/2012 Dekretuak babestutako biktimak aitortu ziren, polizia indarkeriarenak; bigarren ekitaldia martxoaren 11an izan zen, Terrorismoaren Biktimen Europako Egunean.