EZ da erraza herri honek barnebiltzen duen aniztasuna kudeatzea, are gutxiago gertaera hori oinarritzat hartuta, zerbait eraikitzen, partekatzen saiatzea ere... eta horixe da egin beharrekoa gizarte hau geldialdian, esperantzari bizkarra emanda ezinean itoko ez bada.

Urteak dira ekonomia gainbehera etorri dela eta krisiak bazterrak astintzen dituela, gizarte zerbitzuak zamatuz, bitartekoen eskasiak han-hemen abian jarritakoak doitzera behartuz eta herritarrei askotariko zailtasunaz eraginez. Horrexegatik, gizarte politikei eutsi ahal izateko nola baita ekonomia suspertzeko, sarrerei buruz hitz egiteak ez ezik lehentasunezko jarduerei buruz aritzeak, adostasunetara ailegatzeak garrantzia handia dauka.

Guztion zeregina da. Alderdi guztiek dituztelako erantzukizunak herri-erakundeetan, ordezten dituzten herritarren aurrean. Ondorioz, ez da ona inor bazterrean uztea, ez eta erantzukizunei bizkarra ematea edo eskuak garbitzen saiatzea ere. Arduraz jokatzeko sasoia da, berandu izan baino lehen.

Murrizketen gurpilaren jira amaigabeak ez ditu herritarren apetak asebetetzen. Halaber, lortu dugun ongizateari eusteko guztion ekarria areagotzea garrantzi handikoa da, baina, aldi berean, iragan hurbilean, azpiegituretan zein bestelakoetan egon diren gehiegikeriei, handinahikeriei muga garbiak ezarriz, alfonbrak astinduz eta gardentasuna eguneroko zereginaren ikur bihurtuz. Inguruabar horretan, herritarrak prest daude ahalegin gehigarria egiteko, baldin eta soilik baldin, haien egunerokotasunean eragin baikorra antzematen badute eta, alperreko karguetan, erakundeetan, azpiegituretan edo dena delakoetan, egiten duten ahalegin hori parrastatzen, galtzen ez bada.

Gizarte hau prest dago enplegua sustatzeko, ekonomia-ehuna eraberritzeko, jarduera ekonomikoa areagotzeko, joan-etorrizko proposamenak egiten badira. Esfortzua kolektiboa eta orekatua bada, eta, onurak hartzen dituztenek, gizarte-erantzukizunez jokatzen badute, haien interes soilen arabera beharrean. Horrek gizarte sendoagoa eta berdinkidekoa eraikitzen lagunduko duelako.

Orain arte ez da izan posible adostasunaren bidea urratzea; batetik, alderdiak lubakietan gotorturik egon direlako, aurrealdekoari bizkarra emanez, nor gailenduko borroka antzuetan murgildurik, eroso antzean; bestetik, gizartearen zati batek indarkeria eta mehatxua, aniztasuna ez onartzeko erakutsi duen jarrera -erabat gainditu gabe dagoena- ezinikusia eta mesfidantza erein dituztelako; eta azkenik, hainbat alderdik eta gizarte eragilek haien biziraupena lehenetsi dutelako, gizarte honen ongizatea eta aurrerabidea beharrean.