tzo oporretan pentsatzen ari nintzen bitartean, errealitateak kolpe oso gogorra eman zidan. Atzotik amorru, haserre, gorroto eta goibeltasun izugarria sentitzen dut, eta esaldi bat bakarrik neure buruari errepikatzen diot: aski da. Tenerifeko Beatriz eta Sevillako Rocíorengan pentsatuz, emakumeok berriro kalera irten ginen bart hiri eta herri guztietan, bi ideia argi uzteko: matxismoak hiltzen gaitu, eta geure hiltzaileak ez dira burutik jota dauden gizonak eta ez dira buruko gaixotasunen bat duten gizonak. Geure hiltzaileek ez daukate arazo genetikorik. Oso argi daukate izugarrizko min jasanezina egin nahi digutela emakumeoi bi eratan: gure kontrako kolpeak eta indarkeria erabiliz, edo hiltzen gaituzte edo geure seme-alabak hiltzen dituzte. Nazka-nazka eginda gaude emakumeok, eta horregatik kalera berriro irten ginen bart laguntza eskatzeko. Nori? Alde batetik, Justiziari. Delitu zantzu dagoenean, hasieratik epaileek babestu behar gaituzte, eta geure seme-alabak babestu behar dituzte, adibidez, seme-alaben eta aitaren arteko topaketak geldiaraziz. Eta bestaldetik, gurasoei eta irakasleei. Pertsona feministak izan daitezen hezi behar ditugu haurrak txikitatik. Zergatik? Pertsona feminista da erabateko berdintasunean sinesten duena.