dan, lanetik etxera itzultzen naizenean gaueko hamabietan, ze arropa jantziko dudan pentsatu behar dut aurretik. Adibidez, izugarrizko bero egiten badu Gasteizen, soineko, gona edo praka motzak dira aukerarik onenak, baina beti jaka luze-luzea eramaten dut motxilan etxera itzultzeko. Ez zait axola beroa, benetan, erosoago joango naiz eta, ziur. Jaka horrek babesten nau. Egun batzuetan, jaka hori ahazten bazait, etxera bidea zailago egiten zait, oso kezkagarria egiten zait egoera, gizonezko ezezagunarekin topo egiten badut. Zergatik? Begiradak eta iruzkin matxistak dira saihestezinak. Behin baino gehiagotan gertatu zaigu emakume guztioi. Kalean zehar ibiltzen zara oso lasai, eta bat-batean esaldi deseroso batzuk entzun behar dituzu. Zergatik? Zure gorputzaren zati bat estalita ez dagoelako? Ezin dut ulertu. Javier, Mikel edo David izango balitz nire izena, eta udan praka motzak janztea erabakiko banu, nolakoa izango litzateke etxera bidea? Lasaiago, ziur. Eta zer egiten dut egoera hori gertatzen zaidanean? Beste espaloira mugitzen naiz astia badut. Bestela, gero eta azkarrago ibiltzen hasten naiz. Eta ezin naiz lasai sentitu atarira heldu arte. Etxean sartzen naiz, urduri eta deseroso. Hurrengo egunean ezin dut jaka luze hori ahaztu.