018ko irailaren 24an haurdun gelditu nintzen. Bai, eguna primeran dakit, intseminatu egin nindutelako. Dena ondo zihoan. Ondo ez da primeran joatea, normalean joaten den bezala baizik: oka egiteko gogoa, gorputz aldaketak, tristura, zoriontasuna, tristura berriro... baina ondo, edo horrela esan behar ohi da. Ia gehienek egiten duten bezala, hiru hilabete itxaron genituen jendeari berria emateko eta hau gertatu zenean... aldaketa asko nabaritu genituen. Egun horretatik aurrera ez nintzen haurdunaldiaren inguruko elkarrizketetatik libratzen. Dena prest duzu? Galdetzen zidaten ia beti. Jarraian nire buruari beste galdera bat botatzen nion: zer da dena prest izatea? Oraindik ez dakit. Hala ere gehienetan gertatzen den egoera bat dut buruan: ama izan diren ia guztiek, berdin dio elkarrizketa nondik nora doan, baina une egokia aurkituko dute beraien erditzea nolakoa izan zen azaltzeko. Aber... benetan uste duzue orain haurdun dauden emakume guztiei axola zaiela zuen erditze-unea? Ez. Erantzuna da ez. Tonteando con la maternidad y sin drogas liburuko esaldi bat etortzen zait burura: Stop spoilers! Horrela da. Bakoitzaren aurkikuntza pertsonalarekiko errespetua izan behar dugu. Beraz, bizitzera, bederatzi hilabete dira eta.