eguru gu bakoitzarikontu zoragarriak gertatu zaizkigula aurten. Aldiz, gizarte eta talde ikuspegitik begiratuta, alferrik dira eztabaidak: 2020a bezain zitala gertatu gabe ere, 2021a ez da urte ona izan. Oroimenean ez ezik kontrako eztarrian ere korapilatua geldituko zaigu itzaltzen ari den urtea. Txertoaren esperantzan egin genion ongi etorri; seigarren uhinean endredatuta agurtuko dugu etzidamu. Kasik bi urteren ondotik, ezin Covid-19ak gure bizietara ekarritako amesgaiztoari ihes egin 2021ean. Eta 2022an auskalo, buru adina aburu baitabil bazterretan. Bederen, gero eta aditu gehiagok dioenez, ómicron aldaera pandemiaren azken ostikoa izan liteke, iraungi baino lehen. Egia ote? Proba gisa baizik ez bada ere, baikor izan nahi dut. Ez bakarrik koronabirusari dagokionez. 2021ak bertze madarikazio bat ekarri du Euskal Herrira: agonismoaren loratzea gure artean. Gaitzak euskalduntasunak bezain erro sakonak ditu, ez zen bart arratsean ernatu. Hala ere, izurriak gure gogoari ekarritako beheraldi orokorrak kutsatuta edo, itsasoan aparra bezala hedatzen ikusi dugu aurten. Putzura goaz. Akabo, dena. Harrika nazazue: nik ere bazkatu izan dut mamua. Negarrak negar, 2021eko balantzea egitean, nekez erran daiteke berri txarrak albiste onei gailendu zaizkienik euskararen eta euskal kulturaren munduan. Ongi bai ongi azaldu zuen atzo Irati Jimenezek Berria egunkarian,bere azken liburua dela-eta egin dioten elkarrizketan. “Harreman psikiatrikoa dugu hizkuntzarekin -dio idazle mundakar iruindartuak-. Ez daukagu aberririk eta amildegiaren ertzean sentitzen gara etengabe (...) Baina ez gara bihar desagertuko. Zerbait ginen Espainiako koroa sortu baino lehen, eta zerbait gara orain ere. Bihar ere izango gara zerbait. Beldur horri aurrez aurre begiratu behar diogu, eta baretu behar dugu apur bat”. Aditu duzue. 2021a hil-hurren da. Gu ez.