Síguenos en redes sociales:

Erro eta gara

Mende bat, 1925ko Uriaren 15ean jaio zen euskararen erroak arakazten bizi izan zen Otxandioko pentsatzailea eta euskararen aztertzailea genuen Bittor Kapanaga. Aspaldiko garaiak aztertzeak etorkizunerako munduaren egituraketa berriak ekar ditzazkegukeela zioen.

Aintzinako berraurkinkuntzak ikusmira berriak sortzen dizkigula-eta

han zebilen Bittor, belaunaldi zaharren azterketan. Beti esan izan da gure herriak, aurre-historia duela historia bera baino gehiago baina aspaldiko denboretan sartuz, galtzeko arriskua ere badugu eta hark zer eman ahal digun, hori zen bere gaia. Eta halaxe bere Erro eta Gara liburu mamitsua.

Herri zaharrek, mitoa eta mitologia dute erakusgarri eta badirudi gai hori esplotatzen ari garela edota berau gaurko egunotara ekarrita, hark ematen digula atentzioa. Agian, misteriotzat hartzen dugulako eta misterioa beti da erakagarria. Horixe da bizi-euskarria eta horrexek betetzen eta inguratzen gaitu; herri zahar honek, mendeetan iraunduz, bizi-bizian dagoela erakusten digu gaurko belaunaldian. Erroak sakon dituelako batipat, eta erroetara joateak eta berau aztertzeak, beti ere, gauza berriak ekar ditzazkegulako.

Hori dela-eta ari gara, behin ta berriro bagarela-ka. Eusten-eusten, mundu berrietara egokitzen eta aldian aldika, ideia berri-zaharrak sortzen eta urrats berriak lortzen. Sarritan aipatu izan da gure antzinatea erakarriz eta era moderno honetan jartzeak, nolabait, Japoniarren izaeraren antza ere baduela. Ez dakit misterioa ote den baina, bai, aro berrietara egokitua dugun modernitateari eskeintzen diegun herri zaharren izaera eta portaera da biena, eta bada bai oraindik zer aztertu.

Eta izaera hortan zebilen gure Otxandioar pentsalaria, gazteoi gogoa non ote dugun esaka eta indarrak elkartzea dela egin beharreko bide bakarra. Araba, herrialderik zaharrena izanik, lehen alaba zela eta ez zapigarrena zioen. Eta, gure buru-bihotzak auzo lanean jarriz, herria maitatzeko era asko daudela bere slogana. Azken baten, gauza deigarriak bezain sinpleak eta errez ulertzekoak.

Mezu zuzenak bereak, “Baina gu ez gaitu inork askatuko, zer nahi dugu guk zinez gizon izan edota makurtuta bizi”. Garai bateko mezuak baina egun ere baliogarri zaizkigunak, eta alperreko nekerik ez dagoela-eta, beti esperantzari eutsi beharra dugula, hori zioen.

Patriarkalismoak merkantilismoa zekarkigula-eta, gurean badugula balio handiko amatasunaren edo matriarkalismoaren zentzuzko ereduak eta irudiak, eta horri ekin behar diogula nahitaez iraupenezko harian. Bittorren ustetan, gizarte patriarkaletik matriarkalera pasatako arrastoetan ari gara. ARetik URerako joanean. “AR (Arra). UR(emea).

Aldaketa honen sakontasuna neurtzeko denbora beharko da eta bildurra ere eman diezaguke, zioen. Kapanagarentzat, oraina etorkizunari begira garatzeko, iragana ikuskatzea derrigorrezkoa zen. Eta unean uneko gaietan iragana izango zuen aztergai. Bere azterketak, zientziaren zehaztasunetik kanpo zeudela zioten batzuk, hau da, ezaguera intuitiboa zela berea, baina hitzen esanahiak aztertzen zebilen eta intuizio garatua zela bere egitekoa esango nuke nik. Honetan, Luis Baraiazarrak hain eder itzulitako san Juan Gurutzekoren poesiak diona ekar dezakegu: “Zientzia gorena zen bake eta errukizkoa, bakardade handian zuzen eta artez ikasizkoa; gauza txit sekretuzkoa, esan ezinik geldituz, zientzia oro gaindituz”. Eta orain eta hemen, gure ibilbidearen zuztarrak eta mitoak aztertzen eta goraltzen gaude, eta agian, berarekin amatasunaren justiziaren errainuak erakartzen. Badira honetan, gauzak dauden moduan ikusita, aldaketa eta antolabide berriak eskatzen dituzten ahotsak eta mezuak. Bittorren ustez, gauzak arin badoaz ere, historiaren gaietan dena doa astiro, “Ni nabilen planteaketan, mende bat ez da ezer eta aurrerra ekiteko atzeko ereduak aztertzea derrigorrezkoa zaigu”.

Baina ideia edo pentsakera eta zehaztasun filologiko, filosofiko edo antropologiko guztien gainetik, erabaki politikoan dago gure eguneroko bizibidearen egituraketa eta honetan, ekonomia da jainko bakarra eta munduaren joanaren eta egituraketaren ardatza. Hau hala izanik, gure egiteko guztien kontrolpean izan nahi gaituzten Txina bada geroaren exenplua, ez dugu ba eredu erakargarriarik aurrera begira. Beraz, portaera bidezkoagora eta onuragarriagora eraman beharko digun beste ikusmira batez jokatzea komeniko litzaiguke.

Nolanahi ere, gure galderei erantzun zehatzak botatzen zizkigun Bittorrek. Aspaldi bateko pentsakeraren euskal senari lotua egon izan den arketipoa genuen Bittor. Formalismoetatik kanpo zegoen. “Rara avis” deituko zion Xabier Kintanak, zeren, Bittorrek ez zuen nahi gaurko gizartearen egin beharretan darabilgun funtzionariotzaren esparru itxian egon nahi. “Libre jaio denak, libre bizi behar du”, horixe bere lema, baina libre sentitzeak eta libre bizitzeak prezio gogorra zekarkion, bakardadearen seinuan bizi beharra eta askoren ulertze-ezaren ispiluan egon beharra.

Sarritan aipatu izan dut neure kautan, munduaren funtzionamendua kontuan hartuz eta berau aztertuz, dauzkagun egituraketatik kanpo bizitzea ez dela batere erraza. Eta horrela bizi izan zen Bittor bere Oihandi-Otxandion. Lurrari loturiko arbola genuen Bittor, eta bere gogoetan, utzi gintuenetik, hainbat ekimen egin izan ditugu berak esan eta aztertutako euskerarenganako lanak hedatu asmoz. Kimu berri zaharrak hedatzeaz batera, bere Basarteko unibertsitatetik, arbola zahar haien ikuspegia argitzea eta argitaratzea izan zen haren nahia. Estalpean zeuden gauza askotxo egunotara erakartzea.

Gogoan dut Errusia ekialdeko oihan handiko Ussuri izeneko herrialdean bizi zen lurra eta oinana maite zuen Derzu Uzala, orain berrogeita hamar urte ikusi nuen filma eder-zoragarriak, hunkitu ninduela. Haren nolabaiteko antzekotasunak ere ikusi nituen Bittorrengan. Bittor ez zen Derzu Uzala bezalako abere eta hegaztein ehiztaria baina hitzen ehizan zebilen, erroen, jatorriko lurraren esanahitik sortutako gure hizkuntzak zer berri ekar ziezagukeen aztertzen.

Zentzuzko hitzak zerabilzkigun Bittorrek: “Nik uste dot herentzi on bat ixtea beharrezko dogula, gure aurrekoek guri itxi euskun modu berean, guk ondoroengoei, hau naturaren jaio ta hiltzearen antzekoa dogu, joan goaz baina zeozer ixten dogu eta hor gelditzen da”.

Euskarak bere aztarnetan dakarkiguna, antzinako bizikera baten adierazpena dela esaten zigun, beraz, hasieran hitza bazen, jarrai dezagula orainean eta iraupenean izaten eta lantzen.