Urte berri on, irakurle maiteok. Urteko bigarren eguna da eta 2024rako asmo berriak martxan daudela suposatzen da. Gimnasiora joan gara izena ematera, tokia aztertu dugu eta aparatuak probatu ditugu. Zertarako? 2025era arte ez itzultzeko? Asmo hori bete ez duzulako sentsazio txarrik izan ez dezazuen, gauza batean izena ematea gomendatzen dizuet; esate baterako, dantza-motaren bat, yoga, igeriketa edo paseo antolatuak. Gasteizen eta Araban aukera asko ditugu kirola aire zabalean eta barnealdean egiteko. Zuen errutinan sartzea lortzen duen ariketaren bat egitea da garrantzitsuena eta geratzeko badator, hobe. Bestalde, leku batzuetan aurreko urteko gauza txar guztiak erre dituzte, Agurainen Erre Puyerre tradizionalarekin egiten duten bezala. Nire ustez, 2023ko gauza txar guztiak erretzen baditugu, suteak unibertsoaren beste puntatik ikusiko dira. Hori bai, espero dezagun gizakiak sortutako gaiztakeria eta bidegabekeria horiek guztiak gehiago itzul ez daitezen. Horregatik, irakurle maiteok, egin ongi sentiarazten zaituzten jarduerak, lagundu GKE edo elkarteren bati, izan jasankor inguruko pertsonekin, lagundu ahal izanez gero besteei, abestu eta dantzatu ahal duzuen guztia. Zoriona gauza txikietan baitago, keinu txikietan.