ello lagun on: har iezadak omenalditxo hau, apala bezain zinezkoa. Eta ezinezkoa nolabait, askok ospatu baititiztek nik ahalko nukeen baino hobeto -bejondeiela guztiei!- hire dohainak eta lorpenak. Neure egiten ditiat pozik.

Lerrotxo hauetan, beraz, ez haut omenduko hainbat dohain miresgarriz jan-tzia hintzelako; ez hitzaren grazia huelako ezpainetan eta luman; ez haizearen, euriaren, harriaren eta herriaren melodiak belarrian jasotzeko eta belarritik pentagramara hain aise eta airoso aldatzeko gai hintzelako; ez eta organo-jole birtuosoa hintzelako, inorekin ikasi gabe; ezta irrati-telebistetan eguraldiaren berriemaile gazi-bixi eta musikaren aurkezle aditu eta gozarazle trebe bihurtu hintzelako ere, inon trebatu gabe; eta blogari eta idazle eta...

Baduk zerbait. Goian utzi duk langa, inorekin lehiatu gabe utzi ere, guztion pozgarri. Bejondeiala, Pello! Halere, berriro diosat, ez haut horregatik guztigatik omentzen batik bat. Hire gizabidea, izabidea, izatasun xume bezain betea, hire izaera bidaria, nahi diat gogoratu eta ohoratu. Gure Arantzazu bedeinkatu horretan elkarren ondoan igarotako urte ederren (2003-2010) nahiz, aurretik eta geroztik, elkarren ondoan ez baina beti elkarrekin izan garen hainbat urteren aitorpena nahi diat egin. Esker onezko aitorpena. Bidaide izan natzaik, bidaide izan haut. Asko zor diat, Pello, eta ez zeukaat ordainetan eskerrik asko pobre bat besterik. Eta bihotzetik jaulkitzen zaizkidan lerrotxo hauek.

Hire umetasun jolastia, bizi hinduen haur xaloa goresten diat, Pello, ezer baino lehen. Hamar urterekin Txindokipetik atera zen mutiko bizkor argiak haur jarraitu dik azkeneraino, azkena hasiera bilakaraziz. Hiregan zen haurra izan haiz. Hobeto esan: hintzen haurra izatera iritsi haiz. Haziago eta haurrago, adinduago eta haurrago, dohatuago eta haurrago. Ala haurrago eta dohatuago? “Haurrena da erregetza”, idatzi zian Heraklito jakintsuak duela 2.500 urte. Bazekian zerbait. Haur jolasti izan haiz. Eta jolasean sortzen huen haurrek ohi duten bezala, ama handi haren bularretik xurgatzen huen bezala, hitz egiten eta idazten eta konposatzen nahiz organoa jotzen huen bezala, Euskal Herri xehea maite huen eta euskara arnasten huen bezalaxe, hain heurezko erraztasun hartaz, barrutik zerian jarioari jareite hutsez. Hala eman duk hainbeste, eta ez haut inoiz ikusi estu eta larri, nahiz eta heure argi zabalean izango hituen denok ditugun esturak eta itzalak, baina haiekin ere jolas egiten ikasi huen hik heure kasa, Arantzazuko bazkalondo eguzkitsuetan -heuri entzun nian- dorreetako harri puntazorrotzen argiak harri-erreten ilunetako itzalarekin jolas egiten duen bezala.

Zozoekin jolas-hizketan -hik zozoari, zozoak hiri- somatu haut maiz, den guztiaren solaskide dibertitu. Lurrari makurturik, zeruari begira, ilargiari eta haizeari adi. Karta-denborak eta horrelakoak, badakik, ez nizkian asko sinesten, baina hire haurtasun xaloari zegozkioan horiek ere. Naturari -hi heu ere, garen eta den oro bezala, natura izaki- hion miresmena miresten diat, naturari eskaintzen hion gurtza agur-tzen diat. Hori gabe -alferrik izango gaituk azkarrak- ez gaituk salbatuko. Gaur eguerdian, Elkotako basoxka lasaian, kantuan ari zen birigarroaren fiii-fiuuu ozenean entzun haut, eta irudipena izan diat horixe hiola.

Pozgarri zaidak ere, bioi hainbeste inporta zigun eta bereziki elkartzen gintuen hire erlijio-biziera eta pentsaera irekia aipatzea. Goraipatzea. Ez huen moda, baizik eta sena. Eta ezagutza, eta hautua. Labur esateko esango nikek -ahokada ote?- Arantzazuko fran-tziskotarren 500 urte pasako historian, espiritualtasun laikoaren lehen ikonoa izan haizela, erlijioa gainditzen duen espiritualtasunaren irudia, etorkizuneko espiritualtasunaren eredua, erlijio-forma kristauak utzi beharrik gabe hire kasuan -eta nirean-, baina erlijioaz eta erlijio guztiez harago jarriz gogoa. Zorionak, Pello! Arantzazun eman dituan 60 urte hire bideari jarraitu izan balio Arantzazuk! Penaz zioat.

Baina hik egin duk heurea, eta hor zagok, hor hago bizi-bizirik. Kandelario egunez -neguaren eta udaberriaren erdibidean -argiari aitorpen- abiatu huen azken bidaia, lau haizetara -Udalaitz eta Aizkorri, Aloña eta Elgea-, argiaren beterantz, noiz eta non guztiez harago. Harago joanez gelditu haiz bertarago.

Baritono solistak Arantzazuko basilika hondorik hondo gozotasun hunkigarriz betetzen zuelarik, Gandiagaren hitzetan eta hire melodian, edertasunaren gorenean, kantatu genuena zetorkidak gogora: “Dezagun argia piztu, bizibidea delako”. Hakigu, bada, bidelagun, Pello, hi bidean ondurik jada haurtasunaren erreinuan, gu haurraren bila ondu nahian oraindik.