rte-sasoi honetan enpresa askotan ohikoa da euren langileek Gabonetako otzarak jasotzea. Hala ere, bizi dugun krisi sozio-sanitario eta ekonomikoak hala eraginda, litekeena da enpresaburu askok uko egitea euren langileei otzarak emateari. Halakoetan, edozenbat zalantza interesgarri sor daitezke lan-zuzenbidearen ikuspuntutik.

Lehendabizi, argitu behar da enpresaburuak zein arrazoirengatik ematen dien langileei otzara.

Zinez, eskuzabaltasunarengatik bada, enpresaburua aske izango da alde bakarrez edozein unetan otzara emateari uko egiteko, horretarako inolako prozedura berezirik jarraitu beharrik gabe, nahiz eta otzara jarraikako urte askotan eman izan (2019ko urriaren 2ko Auzitegi Gorenaren epaia, 153/2018 errek. zk.).

Dena den, ezin da eskuzabaltasunaren aldeko zantzu moduan hartu urte bakoitzean otzararen balioa aldakorra izatea. Alabaina, otzaren kostu handia eta logistikaren eta antolakuntzaren aldetik otzarok erosi eta banatzeko egin behar den esfortzua eskuzabaltasunaren aurka doaz (2018ko uztailaren 12ko Auzitegi Gorenaren epaia, 146/2017 errek. zk.).

Aitzitik, enpresaburuaren asmoa bada isilbidez langileen mesedetan eskubide bat aitortzea, baliteke kontratuko baldintza onuragarriagoaren printzipioa aplikatu behar izatea eta, ondorenez, eskubide hori kontratu-loturara biltzea.

Bada, kontratuko baldintza onuragarriagoa izan dadin beharrezko da otzara erregulartasunez, jarraitutasunez eta urtero emateaz gain, emate hori gauzatzea langileentzako onura bat sortzeko asmo argi eta eztabaidaezinarekin (2019ko azaroaren 19ko Auzitegi Gorenaren epaia, 83/2018 errek. zk.). Bestela esanda, beharrezkoa da enpresaburuak izatea langileak gauzatutako jarduera ordaintzeko edo konpentsatzeko xedea. Soil-solik bigarren betekizun hori gauzatzen bada, kontratuko baldintzarik onuragarriagoak berarekin ekarriko du eskuratutako eskubidea sortzea eta ez enpresako usadio hutsa (1995eko urtarrilaren 25eko Auzitegi Nagusiaren epaia, 1321/1995 errek. zk.).

Kontratuko baldintzarik onuragarriagoaren printzipioa aplikagarri den egoeretan, Gabonetako otzarei aitortzen zaien izaera juridiko hori abiapuntu, nabarmendu behar da gauzen benerako izaerari erreparatu behar zaiola beti. Horrenbestez, enpresaburuak otzara emateari eman dakiokeen izena gorabehera, aipatu borondatea baldin badago, alegia, gauzatutako lana ordain-tzekoa, gauzaz egindako ordainketa bat izango da.

Hala eta guztiz ere, borondate hori antzematea beti ez da hain erraza. Horrela, enpresaburuaren jokabidea ez denean aktiboa ezpada pasiboa, arlo sozialeko epaitegiari dagokio zehaztea, hala proposatu eta gauzatutako proba aintzat hartuta, betebehar-izaerako eta lotesle den jokabidea dagoen ala tolerantzia edo permisibitate hutsa (Kantabriako Auzitegi Nagusiaren 2021eko urriaren 4ko epaia, 558/2021 errek. zk.)

Bestalde, Gabonetako otzarak hitzarmen kolektibo bidez ere aitor daitezke. Hitzarmenok izan daitezke, estatutu-izaerakoak nahiz estatutuz kanpokoak.

Hasteko, nabarmendu behar da estatutu-izaerako hitzarmen kolektiboaren bidez eskuratutako eskubideak inoiz ez direla baldintza onuragarriagotzat hartuko, hitzarmen kolektiboek izaera arauemailea dutelako. Izan ere, aplikatu behar dena aplikatzen baldin bada zuzenean aplikatu beharreko arau batean hala ezarri delako ?eta halako arau dira estatutu-izaerako hitzarmenak?, orduan, aplikatu beharrekoa inoiz ezin da kalifikatu baldintza onuragarriago gisa (2001eko azaroaren 14ko Auzitegi Gorenaren epaia, 1178/2001 errek. zk.)

Beste horrenbeste gertatzen da estatutuz kanpoko hitzarmen kolektiboen bidez eskuratutako eskubideekin ere. Baina, kasu horretan, baldintza onuragarriagoa ez aitortzearen arrazoia oinarritzen da hitzarmen horien aldi baterako iraupenean (2009ko ekainaren 16ko Auzitegi Gorenaren epaia, 2272/2008, errek. zk.).

Dena den, nahiz eta hitzarmen kolektiboek Gabonetako otzarak gizarte-onura moduan jaso, ordainsariei buruzko araubidetik kanpo, ez da gaizki-ulertzerik eragin behar. Izan ere, gizarte-onura hori gauzaz egindako ordainketatzat hartu beharko da, Langileen Estatutuaren 26. artikuluak ezarritakoaren ildotik. Bada, artikulu horren arabera alokairutzat joko dira inorentzat lan-zerbitzuak emateko lanbide-prestazioaren ondoriozko hartukizun ekonomiko guztiak, horiek diruz zein gauzaz egin.

Edozein kasutan, Gabonetako otzarak gauzaz egindako ordainketatzat hartzeak ondorioak izango ditu Gizarte Segurantzari zein tributu-zuzenbideari begira.

Gizarte Segurantzari dagokionez kontuan hartu behar da abenduaren 22ko 2064/1995 Errege Dekretuaren, kotizazioaren eta Gizarte Segurantzaren beste eskubide batzuk likidatzearen gaineko Erregelamendu Orokorra onesteari buruzkoaren, 23.1.B) artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz, otzararen kostua kotizazio-oinarrian jaso behar dela.

Tributu-zuzenbideari dagokionez, Gabonetako otzarek lan-etekin oso gisa ordaindu behar dira, tributu bezala, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari begira. Otzaren kostua kendu ahal izango da, ordea, Sozietateen gaineko Zergari dagokionez.

Baina Covi-19aren ondoriozko pandemia-garaian, argitu behar da aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen kasuan zer gertatzen den otzarokin. Horrela, enplegu-erregulazioko espediente horiek lan-kontratuak eteten dituztenean, argi dago langileek ez dutela eskubiderik izango otzara jasotzeko, Langileen Estatutuaren 45.2 artikuluaren arabera lan-kontratua eteteak alderdiak askatzen baititu lan egiteko eta lan hori ordaintzeko elkarrekiko betebeharretatik.

Haatik, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteek lanaldia murrizten dutenean, orduan enpresaburuak eskubidea izango du otzararen kostua gutxitzeko, murritutako lanaldiaren arabera, hain zuzen ere, baina eutsi beharko dio otzara emateari. Deustuko Unibertsitateko Lan-zuzenbideko irakaslea