anbide-heziketanohikoa izan dena arian-arian unibertsitatean ere badoa bidea egiten: prestakuntza duala. Bada, 2021ean, Euskaral Unibertsitate Sistemako hiru unibertsitateetan 41 ikasketek dute aitortua prestakuntza duala balia-tzeko aukera.
Gehienak ingeniaritza- eta arkitektura-ikasketei buruzkoak dira (%71), baina badira Gizarte-zientziei eta zientzia juridikoei buruzkoak ere (%29).
Prestakuntza dualean diharduten ikasleak 1380 dira, hots, matrikulatutako ikasle guztien %2,6.
Baina zer da prestakuntza duala? 2021eko urtarrilaren 1etik, badugu lege-definizio zehatza: unibertsitateko ikasleek lanbide-kualifikazioa eskuratzea, txandakatuz enpresa batean ordaindutako lana eta unibertsitate-prestakuntzarako esparruan jasotako prestakuntza.
Hain zuzen ere, 2021erako Espainiako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeak arautu zuen, estreinako, unibertsitateko prestakuntza dualerako kontratua, lan-kontratu gisa jasoaraziz Langileen Estatutuan.
Zinez, segurtasun juridikoaren mesedetan, konponbidea eman zaio orduara arte argi ez zegoen egoerari.
Kontuan hartu behar da Euskadin, Elgoibarko Makina Erremintako Institutuak Prozesu eta Produktuen Berrikuntzaren Ingeniaritzan gauzatutako eskaintzaren salbuespenarekin, 2018-2019 ikasturtean eskaini zirela lehendabizi 22 ikasketa unibertsitateko prestakuntza dualean, Unibertsitatearen eta Enpresaren arteko 2022rako Euskal Estrategiaren baitan, behin Unibasq-ek hala aitortuta. Garai hartan, Euskadi aitzindari izan zen estatuan, unibertsitatera prestakuntza duala hedatzeari dagokionez. Unibasq-en aitorpena lortzeko betekizunen artean, ikasleen eta enpresen artean lan-kontratua izatea zegoen. Hala ere, lan-zuzenbidean ez zegoen beren-beregi egoera hori aintzat hartzen zuen kontraturik. Akaso, 11/2013 Legearen «Lehenengo enplegu gaztea» izeneko kontratu-modalitatea egin zitekeen. Edonola ere, kontratu hori oso prekarioa zen. Dena den, 28/2019 Errege Lege-dekretuak indargabetu zuen hori. Eta ordutik ez zegoen beste aukerarik.
Baina inork ez dezala pentsatu unibertsitateko prestakuntza duala lan-kontratu gisa arautu ostean arazoak konpondu direnik. Izan ere, beste hainbatetan bezala, Espainiako legegileak gerogarreneko erregelamendu-garapenaren esku utzi du makina bat gorabehera.
Jakin badakigu kontratu hori egin behar dela unibertsitateek eta erakunde laguntzaileek sinatu ohi dituzten hezkuntza-lankide-tzarako hitzarmenen esparruan. Bestela esanda, orain arte curriculumaren barruan nahiz kanpoan praktikak gauzatu ahal izateko 592/2014 Errege Dekretuak ezarritakoaren haritik jo da. Azken kasu horretan, ordea, lan-kontratua barik lan-beka egongo da, ikasleek nolabaiteko ordainsariak jasoz gero.
Halaber, badakigu unibertsitateko prestakuntza dualerako kontratatutako ikaslearen ordainsariak ezarri behar direla horrek benetan lan egindako denboraren arabera, hitzarmen kolektiboan araututakoarekin bat etorriz. Gainera, ordainsariok inola ere ezin dira izan lanbide arteko gutxieneko alokairua baino txikiagoak. Kontua da 2021ean adostutako hitzarmen kolektiboek ez dutela kontratu-mota berri horren inguruko arauketa zehatzik jaso. Ez behinik behin gai horri dagokionez.
Erregelamendu bidez garatu behar dira, berebat, unibertsitateetan eta enpresetan diharduten ikasle-langile horiei prestakun-tza eskaintzeko sistema eta prestakuntza horren ezaugarriak, bai eta prestakuntza hori benetako lanarekin txandakatu ahal izateko baimena ere.
Edozein kasutan, ikasle horiek Gizarte Segurantzaren babes osoa izango dute, langabeziarako eskubiderako barne. Era berean, Alokairuak Bermatzeko Funtsak eskainitako estaldurarako eskubidea ere izango dute.
Labur esanda, erregelamendu-garapenik eta hitzarmen kolektiboek kontratu-mota horren inguruan beren-beregi gauzatu beharreko arauketarik gabe, arauketa eskasa edo urria da.
Hitzarmen kolektiboen egitekoari dagokienez, Langileen Estatutuak, adibidez, negoziazio kolektiboaren esku utzi du, kontratu-mota horrekin enpresan izan daitekeen langile-kopuruari dagokionez, gizonezkoen eta emakumeen arteko orekari eusteko irizpideak eta prozedurak zehazteko ardura. Beste horrenbeste egin da halako kontratuak iraupen mugagabeko kontratu bihurtzeko har daitezkeen konpromisoei begira ere. Zenbait enpresetan Prestakun-tzarako Batzorde Parekideak eratu ohi dira hitzarmen kolektiboetan, eta halakoei eratxiki ohi zaizkien eginkizunen artean egon daiteke enpresaburuarengandik informazioa jasotzearena, lantokian prestakun-tza dualean diharduten ikasleen gainekoa, bai eta ikasle horiei enpresan eratxiki zaizkien tutoreen gainekoa ere. Hori berori arautu du Kimika-industriaren XX. Hitzarmen Kolektibo Orokorrak, ehun langile edo gehiagoko lantokientzako. Bestalde, beste hitzarmen kolektibo batzuek hitzarmenaren Batzorde Parekideari eratxiki dizkiote eskumenak, kontratu-modalitate horren norainokoa aztertzeari dagokionez. Horren adibide da Primark Denden Hitzarmen Kolektiboa.
Etorkizunean izan daitekeen arauketa zehatzagoa gorabehera, unibertsitateko prestakuntza dualak duen garrantzia nabarmendu behar da; izan ere, unibertsitatearen eta laneratzearen arteko zubi-lanak egiten ditu. Horri esker, ikasle asko lan-merkatuan izan daitezke ikasketak bukatu orduko. Baliteke enpresek gerogarreneko kontratazio-asmorik ez izatea, baina eurekin harremanak dituzten beste enpresa batzuei ikasle-langile horien gaineko informazioa ematea, kontratatzeko aukerak areagotuz.
Nolanahi ere, unibertsitateko prestakuntza dualak baditu bere arriskuak. Hasian hasi, berau gauzatzeko goi mailako ikasleak behar dira, gaitasun eta motibazio handikoak. Zoritxarrez, unibertsitatera heltzen diren ikasle askoren maila urtetik urtera eskasagoa da: kultura orokorrean, arretan, ikasketarako diziplinan, motibazioan... Beraz, badago zer hobetu balizko Hezkun-tza Lege berrian.
Unibertsitatearen aldetik eskain-tzen den jakintza ere puntakoa izan behar da, hots, errealitatearekin bat datorrena: zorrotza. Kontzeptualizazioa behar bezala, sakon, landu behar da, azaleko ereduak baztertuz, gero enpresarako jauzia behar den modukoa izan dadin. Ikasleek gogotik ikasi behar dute, eta hori da helarazi behar zaien mezua, unibertsitatera heltzen diren lehenengo egunetik. Ikasketako profesionalak izan behar dute, horixe euren lanbidea ikasle diren bitartean. Beste kontu bat da, irakasleek gidari lana behar bezala egitea, irakasteko metodologia egokiak erabilita.
Prestakuntza dualean, enpresako tutoreak ez ezik, unibertsitateko tutoreak ere zeregin garrantzitsua du. Azken horrek ez du beti unibertsitateen aldetik behar duen aitorpenik. Esperientzia handiko irakasleak behar dute izan tutore, eta ez irakaslerik gazteenak. Tutore gisa egin beharreko jarraipenean, praktikaren eta teoriaren arteko edukiak bat etortzea ziurtatzeaz gain, unibertsitatearen eta enpresaren arteko koherentzia landu behar da, gizartearen premiei hobeto erantzuteko. Ez da bidezkoa, batzuetan, irakasle gazteen ordainsariak ikasle-langileek izan ohi dituztenetatik gertu egotea. Irakasle gazteen egitekoak bestelakoak behar dute: irakaskuntzan zein ikerketan sakontzea, bidean behar adinako babesa izanik.
Bukatzeko, prestakuntza duala, epe luzeko praktikak bezala, ez lirateke inoiz erabili behar ikasketa-planeko irakasgaien ordez, horrek iruzur akademikoari ateak ireki diezazkiokeelako. Gainera, argitu beharko litzateke praktikek egun duten zentzua, behin prestakuntza dualerako apustua eginda. Praktikek ez dute lan-zuzenbideko babesik, eta Espainiako Gobernuak 2018tik garatu gabe du halakoek Gizarte Segurantzan izan beharreko babesa. * Lan-zuzenbideko irakaslea (Deustuko Unibertsitatea)