Tribuna abierta

Europako Gizarte Gutuna, eskubideetatik bermeetara

29.08.2021 | 23:22
Europako Gizarte Gutuna, eskubideetatik bermeetara

Espainiak aurkeztu dituen txostenei dagokienez, Euskal Herri mailako eragile sozialek ez dute inolako oharrik egin, ez behintzat Europako Kontseiluak eskainitako informazioa eskuragarri dagoenetik, hau da, 2004tik

Hala ere, praktikan, gero eta nabariago da gizarte-eskubideek eskubide zibil eta politikoen maila berekoak izan beharko luketela. Arean ere, gizarte-eskubiderik gabe sarritan ezerezean geratu ohi dira eskubide zibil eta politikoak.

Konparazio baterako, lanaren eta Gizarte Segurantzaren arloko eskubideak behar adinakoak ez direnean, erabat kaltetu daitezke, urratseraino, oinarrizkoak diren zenbait eskubide zibil eta politiko, hala nola, legearen arabera berdinak izateko eskubidea eta bizitza eta osasun fisiko nahiz moralerako eskubidea. Orobat, pandemiak agerian utzi du gizarte-eskubideen garrantzia, bai eta oraindik dauden gabeziak ere horiek eragingarri izateko.

Bada, gizarte-eskubideak eragingarriak izateko urrats garrantzitsua eman da oraintsu gure artean. Izan ere, uztailaren 1etik indarrean da Espainian Europako Gizarte Gutuna, berrikusitako bertsioan. Bestela esanda, data horretatik aurrera 1961eko bertsioaren ordez 1996koa hartu behar da kontuan.

Europako Gizarte Gutuna Europako Kontseiluan ekonomia-, gizarte- eta kultura-eskubideak arautu dituen testua da.

Eskuarki, bi dira Europako Gizarte Gutunak, berrikusitako bertsioan, berarekin ekarri dituen ondorio nagusiak.

Batetik, eskubideei dagokienez, aurretik araututa zeuden eskubide batzuek norainoko zabalagoa dute orain. Hori berori gertatu da, esaterako, desgaitasuna duten pertsonen eskubideekin, esanbidez arautu baita beraien autonomiarako, gizarteratzeko eta komunitate-bizitzan parte hartzeko eskubidea, enplegu arrunta lehenetsiz babestutako enpleguaren aurretik. Gainera, eskubide gehiago arautu dira. Halakoen artean daude, berbarako, langileei aitortu zaizkien eskubideak, enpleguaren eta lanbidearen arloan aukera –eta tratu– berdintasunerako, sexuan oinarritutako bereizkeriarik izan gabe; enpresan informazioa jasotzeko eta kon- tsultatuak izateko; lan-baldintzak eta enpresako laneko ingurua zehazteko orduan parte hartzeko; kaleratze-kasuetan babesa izateko; euren kredituak babestuak izan daitezen euren enpresaburua kaudimengabea denean; lanean duintasuna izateko; familia-ardurak eta enplegua uztartzeko; eta osterantzeko langileen ordezkari izanez gero, ukigabetasuna izateko. Nabarmentzeko moduko eskubide dira, berebat, adin aurreratuko pertsonen gizarte-babeserako eskubidea, pertsona ororen eskubidea txirotasunaren eta gizarte-bazterkeriaren aurka babesa izateko eta pertsona ororen eskubidea etxebizitza izateko.

Bestetik, eskubideok eragingarri izateko bermeei erreparatuz, mekanismo berria baliatu daiteke Gizarte Eskubideen Europako Komitean, hots, Europako Gizarte Agirira bildutako eskubideak eragingarri egiteko organoan. Hala ere, mekanismo berri horri heldu aurretik gogorarazi behar da hedabideetan gutxi hitz egiten dela organo horretaz, edo batere. Aitzitik, ezaguna da Europako Kontseiluaren baitan dagoen beste organo garrantzitsua, alegia, Gizarte Eskubideen Europako Auzitegia. Hain zuzen, azken horren ardura da Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak babesteko Europako Hitzarmenean zein eskubide arautu eta eskubide horiek eragingarri egitea, halakoak babestuz. Alabaina, Hitzarmen horrek jaso dituen eskubide guztietatik gutxi dira gizarte-izaerakoak. Esklabotza eta derrigorreko lana debekatzeari buruzkoa eta sindikatuak eratzeri eta sindikatuetara askatasunez biltzeari buruzkoak lirateke horren adibide.

Edonola ere, Gizarte Eskubideen Europako Komitearen egitekoa goraipatu behar da, berau baita Europako Kontseiluko estatu alderdien arautegia eta eginerak Europako Gizarte Gutunarekin eta horren arautegi osagarriarekin bat datozela interpretatu, kontrolatu eta baieztatzeko ardura duen organo nagusia. Are gehiago, kasu batzuetan Gizarte Eskubideen Europako Auzitegiak, zeharka bada ere, gizarte-eskubideen gaineko ebazpen batzuk eman izan dituenean, gerogarrenean, Gizarte Eskubideen Europako Komiteak ebazpen horien kontra egin eta berme gehiago ezarri izan ditu, arlo horretan gailenduz. Egin-eginean ere, jurisdikzio-izaeratik nahiko gertu dagoen jarduera gauzatzen du, nazioarteko jurisdikzioek, Europar Batasuneko Auzitegiak barne, oso gutxi eta, edozein kasutan, ez behar beste, esku hartzen duten esparruan, hots, gizarte-eskubideen esparruan Labur-zurrean esanda, Gizarte Eskubideen Europako Komitea da gaur egun dagoen organo edo erakunde garrantzi- tsuena nazioarte-mailan gizarte-eskubideak eragingarri egin eta babesteko.

Dena den, orain arte, 1961eko Europako Gizarte Gutunaren bertsioarekin, gure artean mekanismo bakarra zegoen Gutun horrek jasotako eskubideak eragingarri egin eta babesteko. Bada, mekanismo hori oinarritzen da estatu alderdien txostenen gaineko kontrol-prozeduran. Horren arabera, urtero, urriaren 31rako, estatu alderdi bakoitzak txosten bat aurkeztu behar du, gai-multzo jakin bati buruzkoa, azalduz Europako Gizarte Gutuna praktikan nola aplikatzen den. Orotara lau gai-multzo daudenez, estatu bakoitzak lau urterik behin aurkeztuko du gai-multzo bakoitzari buruzko txostena. Zehatzago, honako hauek dira gai-multzoak: I. gai-multzoa: Enplegua, prestakuntza eta aukera-berdintasuna; II. gai-multzoa: Osasuna, Gizarte Segurantza eta gizarte-babesa; III. gai-multzoa: Lanarekin zerikusia duten eskubideak; IV. gai-multzoa: Haurrak, familiak eta migratzaileak. Gizarte Eskubideen Europako Komiteak aztertzen ditu txostenok eta erabaki kasuan kasuko estatuetako egoera bat datorren Gutunak ezarritakoarekin. Horretarako, kontuan hartu behar da, ukitutako estatua zein izan eta estatu horretako sindikatu-erakundeek eta enpresaburuen erakundeek, betiere, horiek nazioarteko erakundeetan afiliatuta badaude, eta gobernuz kanpoko erakundeetatik edozeinek, baldin eta Gutunak araututako gaietan eskumen berezia eta ordezkagarritasuna badituzte, oharrak aurkez diezazkioketela estatuak aurkeztutako txostenari. Hala ere, Espainiak aurkeztu dituen txostenei dagokienez, Euskal Herri mailako eragile sozialek ez dute inolako oharrik egin, ez behintzat Europako Kontseiluak eskainitako informazioa eskuragarri dagoenetik, hau da, 2004tik. Kontrara, autonomia-erkidego mailatik irten gabe, adibidez, Confederación Intersindical Galega (CIG) sindikatuak aurkeztu izan ditu oharrak. Gizarte Eskubideen Europako Komitearen erabakiak, konklusio izenekoak, urtero argitaratzen dira. Horien harira, gerogarrenean, Europako Kontseiluko Ministroen Komiteak ebazpena onartzen du, kasuan kasuko gomendioak jasoko dituena, Gutunean xedatutakoa betetze aldera neurri egokiak hartzea eskatuz.

Baina, arestian esan bezala, uztailaren 1etik, mekanismo berria baliatu daiteke Gizarte Eskubideen Europako Komitean. Ezbairik gabe berme gehiago eskaintzen dituen mekanismoa da hori. Bada, Espainiak Europako Gizarte Gutuna, berrikusitako bertsioan, berrestean onartu du Gutun horretako eskubideak gainbegira- tzea, Gutunaren inguruan 1995eko azaroaren 9an egindako Protokolo gehigarriko prozeduraren arabera.

Hain justu ere, mekanismo berria Protokolo horretan oinarritzen da. Zehatzago, mekanismo horren arabera, Gutuna modu desegokian aplikatzen dela sala- tzeko Gizarte Eskubideen Europako Komiteari erreklamazio kolektiboak aurkez diezakiokete enpresaburuen eta langileen nazioarteko erakundeek; gobernuz kanpoko nazioarteko erakundeek, baldin eta Europako Kontseiluak kontsulta-erakunde gisa aitortutakoak badira; erreklamazioa zein estaturen aurka aurkeztu eta estatu horren jurisdikzioaren mende dauden enpresaburuen eta langileen erakunde nazionalek; eta erreklamazioa zein estaturen aurka aurkeztu eta estatu horren jurisdikzioaren mende dauden gobernuz kanpoko erakundeetatik edozeinek, baldin eta Gutunak araututako gaietan eskumen berezia eta ordezkagarritasuna badituzte. Horren ondorioz, Gizarte Eskubideen Europako Komiteak, behin eztabaidatzen dena aztertu eta alderdiek esan beharrekoa entzunda, edukiari buruzko erabakia hartuko du. Erabaki horren harira ere, gerogarrenean, Europako Kontseiluko Ministroen Komiteak ebazpena emango du, eta ebazpen horrek ondorioztatu badu Gutuna ez dela modu egokian aplikatu, orduan, ukitutako estatua zein izan eta estatu horri zuzendutako gomendioa onartu ahal izango da. Gomendio horretan zehaztuko da Gutunarekin bat ez datorren barne arautegi edo eginera eta gonbita luzatuko da egoki diren neurriak har daitezen. Ukitutako estatu alderdiak informazioa emango du gomendio hori praktikan jartzeko hartu dituen neurrien inguruan. Zehatzago, informazio hori emango du aurkeztuko duen hurrengo txostenean.

Bestalde, bi mekanismo horiek gorabehera, gogorarazi behar da barne auzitegiek, alderdiek hala eskatuta nahiz ofizioz, eta konbentzionaltasun-kontrolaren ondorioz, betebeharra dutela Europako Gizarte Gutuna aplikatzeko, bai eta Gizarte Eskubideen Europako Komitearen konklusio eta edukiari buruzko erabakiek eratorritako doktrina ere; izan ere, doktrina horrek Europako Gizarte Gutunaren benetako interpretazioa eratzen du.

Horrenbestez, badago non eta zer ikasi eskubideetatik bermeetarako bidean.

* Deustuko Unibertsitateko lan-zuzenbideko irakaslea

noticias de noticiasdealava