laba laztana, Enara guztiz maitea, oso zaila egiten zait bene-benetan esaten dizut zuri gaur, horrela eta hemen zuzentzea hitz hauek. Arraro egiten zait, bai, zeren urteak joan eta urteak etorri ohitu egin naiz zurekin beste era edo modu batetara hitz egitea. Eta era eta modu berriak asmatu beharko ditut zeren haurdun zaude, zure haurdunaldia aurrera doa eta laster, hiru hilabete barru gutxi gora behera, ama izango zara, ama, Eki izena izango duen mutil baten ama, hain zuzen, horrela erabaki baituzue, ondo erabaki ere, zuk eta zure senarra den Josebak. Ekibai, izen polita, Eguzkihitzaren kontrakzio xarmanta eta guztiz ederra. Guztia, dena ondo joan dakizuela espero eta desio dugu bihotz bihotzez zure ama Patrik eta zure aita naizen nik. Oraingoan hirugarren aldiz izango da ama amondu eta ni neu aitonduko garela, zeren lehenago Noa eta Natale etorri baitziren mundura zure ahizpa Leirek eta bere senarra Enekok ekarri zituenak hain zuzen, eta gure artean daudenak koskortzen eta hazten poliki-poliki. Hirugarren aldiz beraz ezagutuko dugula benetako bizi poza zein ederra den. Belaunaldi berriak, katearen kate-begi berriak, bizitzaren lege amaigabea. Zoriona, berri ona, poza. Eta nire hizkerari dagokionez, Enara, gogoetatxo xume bat: bai, gazteago zinen garaitan, haur koxkor pertxenta sasoian, erabilitako hizkerak badu, bai, aldatu eta egokitu behar larria, zeren lo har-tzeko gauetan behin eta berriro kontatzen nizkizun ipuinen hizkerak ez dit jadanik balio, ezta zure etxeko lanak hain letra bihurriarekin, xinaurri gisa, idazten zenituen garaitakoa ere, ezta gogoko ez zenituen patata frijituak silloi eta alfonbra azpian gordetzeko saio antzuak egiten zenituenean ere. Ipuinak diot, kontakizun xelebreak izaki, zuk behingoz lo hartzeko esandakoak, baina, baina, gogoan dut behin baino gehiagotan ni neu nintzela lo hartzen nuena, hobeto esan loak hartzen ni neu hartzen ninduena eta zerraldo geratzen nintzena nekatuta, leher egina, egun astuntxo eta, ziurrenik, ez oso goxo baten ondorioak izaki agian.
Hazi zara Enara, laster batean 32 urte, emakumetu aspaldi, oso aspaldi hazi zarela, oso aspaldi bai emakumetu zarela, zinela, eta ba-tzuetan, askotan, kosta egiten zait zu zeu zarela ohartzea kalean ikusten zaitudanean bereziki erositako arropa berria gainean daramazularik. Badakizu ni neu zein despistatua naizen, ez dut jada erremediorik. Eta Enara, zure hazte horrek kontraesanez beteriko sentimenduak sortarazi zizkidan, dizkit, aspaldi, arraro sentitzen bainaiz, onartzen dut alde batetik koskortu zarela oso aspaldi baina bestetik… Dena dela, Leire zure ahizparekin gauza bera gertatzen zitzaidan, gauza bera, sentimendu kontrajarri berdin berdinak. Mikel Laboaren Apur dezagun katea abestiaren letrak hazten ari diren seme eta alabak aipatuz gogoan ditut, seme alaba horren bere hezkuntza, autonomia, erabaki-tzeko gaitasuna eta burujabetasun handiagoa eskatzen duen gazteak ditu gogoan abestiaren letrak. Bere gurasoekin gazte hauek egunoro duten ezinbesteko lehia berari dagokion askatasun zatia lortzeko. Maitasuna -egoismoa-, gurasoena diot, ezin bat etorri, seme eta alabarekiko aita eta amaren maitasuna hauei, seme-alabei, ematen zaien eta eman behar zaien askatasun pertsonal ardurarekin, auzia ezinbestez estuki lotuta dator eta. Letra gogokoa nuen, oso, guztiz atsegin zitzaidan, eta zait, eta doinua nire antzinako etxeko sukaldean nire amatxo Xixili eta aitatxo Inosenen aurrean abesten nuen... nire guda txiki eta isila zen... loturak gutxiago nahi nituen etxean... pertsona heldua eta osatua sentitzen nintzen... nire aitaren eta amaren aurkako guda txikia. Ni ni neu nintzen eta, ni neu. Baina gaur desberdina da, abestiaren letra eta mezu berak sentimen eta pertzepzio desberdinak sortarazten dizkit, eta behin baino gehiagotan keinu itsusiak egin izan ditut, erdi ezkutuan. Kezkak sortzen zaizkit. Zeren Enara, hauxe bera ida-tzi izan nion beste behin, aspaldi zure ahizpa Leireri, bizitza zaila da benetan, ez da ez erraza, batzuetan polita eta ederra da, baina bestetan gogorra eta latza, malkoak eta irribarreak askotan nahastu egiten dira, egiten zaizkigu, lorpenak eta porrotak segidan etortzen dira. Amodioa eta maitemintzeak, ezintasuna eta tristura dakarte askotan. Bizitza honetan, eta behin baino gehiagotan, ausardia eta kemena, buru hotza eta bihotz beroak ezinbestekoak izan beharko dituzu. Gogoan izan itzazu Enara hitz hauek, txertatu itzazu zeure garunean, zure bizia baino gehiago maite izango duzun Ekihaurtxoa besotan besarkatzen, laztantzen eta musukatzen duzun une bakoitzean.
Hegan hasi zinen, hegan bai, oso aspaldi, oso, horregatik eta horretarako duzu hain zuzen txori izena. Enara, aspaldi hegan ikasi zenuen enara batek bezala eta laster hegaldi luze berri eta eder bati ekiteko punttan zara Enara, ama berri baten hegaldi luze, ezezagun ziur berri eta guztiz apasionantea, alajaina. Mugitu hegoak Enara, enara baten gisa, indartu eta sendotu hegoak, beharrezkoak izango dituzu eta, nik nire aldetik pentsatu nahi dut hega mardulak dituzula jadanik. Gogoan dut horregatik Mikel Laboaren Hegoak ebaki banizkioabesti polita eta orain niretzat are hunkigarriagoa. Hegorik gabe ez dago txoririk, ez, ez dago hegaldirik, baina ez ahaztu alaba Enara, hegan egitean sasi guztien gainetik saia zaitez hegaldatzen, sasi guztien gainetik eta laino eta ekaitz guztien azpitik. Ez ahaztu ere hegan egiteak suposa-tzen duena, askotan asmatuko duzu, bestetan ez, batzuetan damutuko zara, erori egingo zara, baina beti ere arriskatu beharko duzu, ezagutu, aurkitu, bilatu, galdu, ahaztu eta gogoratu, harrotu eta lotsatu, urrutiratu, madarikatu, erori eta jaiki. Ez larritu horregatik, niri eta zure amari ere gauza bera gertatu izan zaigu, askotan. Guztioi gerta-tzen zaigu. Bizitzaren legea da. Atzo, gaur eta bihar. Ziurrenez, Enara, nire hegoak eta zureak ez dira berdinak izango, ziur ezetz, eta agian, benetan diotsut, hobe. Hobe bai. Halaz ere eta dena dela ez ahaztu, Enara, zure ama eta zure aita, inoiz, edozerengatik, laguntzarik beharko bazenu, beti ere ondoan izango dituzula zure hegaldi horretan zuk erabakitzen duzun neurrian eta unean.
Kostatu zait ulertzea zein arin igarotzen den denbora, urteak ziztu bizian doaz bata bestearen atzean. Eta ez kezkatu, joaten diren urteak, ihes egiten duten sasoiak nahiz eta ez diren itzultzen, zorionez memoria dago eta. Zorionez. Polita, ederra izan da, zoragarria benetan bi alabak, Leire eta zu, Enara, zuek koskortzen eta hazten ikustea, kateak aspaldi hautsi eta eten zenituztela ohar eta ikustea. Gure borondate onenez, jakin ezazu, zure ama eta zure aita, lagun gaituzu(e)la zeregin horretan. Alaba laztana, Enara, estraputz egitean zutitu arin bezain arinago, altxa burua, jaiki, aurrera begiratu, ez atzera, eutsi goiari eta inoiz ez, inoiz ez, ez etsi. Eta barkatu baina bioi, Leire eta Enara, zerbait esan nahi dizuet amaitu aurretik: abestiak esaten duen bezala, euskaldunak gara Euskal Herrikoak, Euskadin bizi gara, euskal lurreko alabak zarete, ez ahaztu hori inoiz, burujabetza bila dabilen herri honetako alabak zarete, ez “txanda-pasarik” egin, jator jokatu, zintzo eta leial, lan egin etorkizuneko euskal gizartea hobea izan dadin laster zure seme izango Ekirentzat Enara, eta jadanik koskortzen ari diren Noa eta Natalerentzat Leire. Zuek erabaki nola eta zelan. Gu, zuen aita eta ama, horretan saiatu, ginen eta gara. Jarrai dezala kateak. Katea ez da eten. Izan zirelako gara, garelako eta nahi dugulako izango dira, baita ere zuen, zure eta Josebaren, seme laster izango den Eki. Muxu oso laztan bat eta zorte onena Enara, ama bezala. Zorte on Eki, ongietorria izan zaitez. Ez dakizu Eki zein zorte ona duzun eta izango duzun horrelako ama eta aita izatean, zeren Enara eta Josebak, amatxok eta aitatxok, beraien bizitza baino mila aldiz gehiago, eta beti maiteko zaituzte eta. Laster arte Eki. Goraintziak, Enara eta Joseba. Muxuak, Noa eta Nataleri eta zeuri Leire, goraintziak ere, noski, Eneko zure senarrari ere. Bihotzez eta zintzoki, zuen ama eta aita: Patri eta Joxemanuel.