eUSKAL kultura bizi-bizirik dago. Adierazpen ausartegia begitandu dakioke askori, kulturak oro har bizi duen garai zailari kasu eginda batez ere -krisi ekonomiko gogor honek hein handi batean ekarri duen egoera- eta, bereziki, euskarazko kulturgintzaren unibertso txiki honetan. Asteburu hontan ospatu den Durangoko Azokaren edizio jendetsuak baina, gure herriko sormenaren egoera ezinhobea islatu du, eta, gainera, dozenaka mila pertsona kalitatezko kultur-produktuak hainbeste formatotan erosteko prest dagoela erakutsi, Euskadin bertan sortu, banatu eta sustatu diren produktuak hain zuzen ere. Gainera, handitzera, zabaltzera joko du gure Azokak. 48. edizio honetako behin-behineko balantzearen arabera marka guztiak gainditu dira beste behin: guztira, 120.000 bisita zenbatu dituzte Azoka zabalik izan den lau egunetan, iazkoarekin alderatuz gero 10.000 bisita gehiago jaso dituelarik. Euskal liburu eta disko azokaren arduradunak pozik agertu dira bai urtetik urtera handiagotzen doan bisitarien kopuruagatik, baita salmenten kopuruan aurreikusi daitekeen igoerari begira ere. Era berean, lortutako parte-hartze maila altua eta ekimena Durangoaldera osora zabaldu izana ere harro egoteko moduko aspektuak dira, herrian zehar kokatu dituzten zortzi guneek euskal kulturaren bilgune eta erakuslehio bilakatu direlarik. Erronka handia zen oso. Aurtengo edizioan, egoera ekonomikoak dakarren Damoklesen ezpataz gain -BEZaren igoerak eta beste neurri kaltegarri zenbaitek kulturgintzara ondorio latzak ekarri dituztelarik-, pasa den otsailean Azokako antolatzaileen artean sortutako krisia ere goitu behar izan dute, Aiert Goenaga iazko zuzendaria bere kargutik kanpo utzi zuena hain justu. Azterketa berriz, bikain gainditu dute eta Gerediaga elkarteak osatutako kide anitzeko zuzendaritzarekin asmatu egin dutela esan dezakegu lortutako emaitzei begira. Hala ere, datozen urteetarako erronkak hortxe darrai, eta 2015ean Azokak mende erdia beteko badu, gaur bertan lanean hasi beharra dago, Durango Euskadiko kulturaren erakuslehio eta erreferente izateaz gain, Azoka mundu globalizatuko plazara behin betiko jalgi dadin.