gaixoa Zainketa Intentsiboetako Unitatetik atera berri dute, bizirik. Nonbait, biziko da. Zaindari nagusiaren esanetan gaixoaren arazoa orain da bizitasuna hobetzea edo, berak esan duen modua bizi-indarra irabaztea. Euskararen berreskurapena mundu osoan eredugarria dela ohartu digu Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Jakitun gaude, noski. Guk prozesuaren parte izan baikinen, zuok ere, irakurle prestuok, euskararen alde makina bat lan egin baitzenuten. Halere, itxura denez, meritu osoa Jaurlaritzarena da.
Euskararen biziberritzearen bezalako esperientziarik ez dago mundu osoan. Horrela izan daitekeela uste dugu, bai, baina zeinen meritu edo ekarria izan da? Hizkuntza Politikako sailburuordeak esaten du euren hizkuntza politikaren meritua izan dela. Seguru?
Euskaltzaleok, oro har, harro gaude euskararen biziberritze prozesuaren lorpenaz eta abiadaz. Nola ez. Harro gaude, besteak beste, euskaltzaleok prozesuaren aurren aurreneko bultzagileak izan ginelako. Euskara galarazita eta zokoratuta zegoenean, diktadura faxistaren garaian, gau-eskoletara atera ginelako; XX. mendeko 60-80 urte latzak izan arren batasunaren bila oinarrizko adostasuna sinatu genuelako; ikastolak sortzen konpromisoa hartu genuelako; aldizkariak euskaraz argitaratzen hasi ginelako; euskal kulturaren ekimenak eta ekitaldiak herriz herri antolatzen genituelako, kultur astetik hasi disko eta liburuen azoketaraino.
Euskaltzaleok harro gaude, Autonomia Estatutua egitear zegoenean euskararen ofizialtasuna aldarrikatzen genuelako; euskara irakaskuntza publikora eraman genuelako; Euskal Unibertsitatea egiten hasi ginelako; Euskaltzaindia euskararen batasunerako erreferentziazko erakunde bakarra izatea lortu genuelako.
Euskaltzaleok pozik geunden Jaurlaritza lehenbizikoz eratu zenean hizkuntza politikaren ardura Lehendakaritzaren ardurapean egotea aurrerapausoa iruditu zitzaigulako. Ez genuen ulertzen, ordea, zergatik Jaurlaritzak ez zituen AEK eta Korrika babesten. Ez genuen ulertzen ikastolen mugimenduarekiko Jaurlaritzaren epelkeria. Min eman zigun Euskaldunon Egunkaria sortzearen aurkako jarrera oldargarriak. Ez genuen ulertzen euskalgintzako eragileen kontrako setakeria harremanetan eta zekenkeria aurrekontuetan. Ez genuen ulertzen zergatik Jaurlaritzak gutxiesten zituen euskararen aldeko ekimen gehienak.
Jeltzale euskaltzale askok sufritu behar izan du bere alderdiaren epelkeriagatik. Horregatik, eskertzeko da bereziki euskaltzale horien ekarpena. Beren alderdiaren iritzi ezkorraren gainetik euskararen alde lerratu zirelako, ikastoletan, euskarazko hedabideetan, kultur jardueretan eta, oro har, euskararen aldeko ekimenetan. Euskaltzale horien kemena, ekarpena eta laguntza funtsezkoa izan baita makina bat proiektu aurrera atera ahal izateko. Tamalez, oraindino gertatzen da eta oraindik badira jeltzaleen artean euskaltzale sutsuak. Euskaltzaleok prakak bete lan gabiltza eremu guztietan, alderdi politikoetan ere, euskararen alde kementsu.
Kontua da Jaurlaritzaren hizkuntza politika euskaldunen bizkar diseinatu izan dela hasiera-hasieratik. Horrela esan nuen joan den irailaren 11an, Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren aurkezpenean Gasteizko Legebiltzarreko Kultura eta Euskara batzordean. Noski, ez zitzaion batere gustatu Hizkuntza Politikarako sailburuordeari.
Sei ebazpen proposatu genituen: 1) Euskararen egoerari buruzko diagnostikoa 2011ko zentsuko datuen arabera eguneratzea; 2) Euskara sustatzeko ekintza planari dagozkion arlo guztiak aintzat har ditzala, osasun zerbitzuak, administrazio orokorra, Estatuaren administrazio periferikoa eta Justizia; 3) Euskara Sustatzeko Ekintza Plana egiteko euskararen hiztun elkartearen egoera eta behar izanak kontuan har ditzala eta era berean, euskararen hiztun elkartearen hedapena eta kohesioa areagotzen dituzten ekintzak lehenetsi ditzala; 4) 16 urte bitarteko derrigorrezko eskolaldian prozedura eraginkorra ezarri dezala ikasle guztiek euskararen gaitasun nahikoa lor dezaten; 5) Euskararen erabilera soziala neurtzeko eta ebaluatzeko metodo baliozkoa eta fidagarria erabil dezala; eta 6) Ekintza Plana balioesteko euskalgintzako eragileen iritzia jaso dezala.
Proposamen horiekin batera urtebeteko epea eskatzen genuen plan berria egiteko. Ez zuten babestu nahi izan, UPyD, PP eta PSE alderdiek bere ohiko jarrera eta EAJ, oraingo honetan, beraiekin bat eginda. Oso nabarmena izan zen EAJ, PSE eta PP elkarren hartuta zebiltzala. ESEP bera Patxi Lopezen Jaurlaritzaren garaikoa zen, EAJk bere egin zuen eta PP irrikan hirukotea osatzeko. Hura ikusita proposamenak atzera bota genituen bozkatu baino lehen.
Euskarari buruzko diagnostikoa eguneratzea, ekintza-esparru gehiagotara iristea, euskararen hiztun elkartearen hedapena eta kohesioa lehenestea, irakaskuntzako hizkuntza ereduen ordez murgiltze eredua eskatzea, erabilera soziala neurtzeko eta ebaluatzeko metodo baliozkoa eta fidagarria izatea eta euskalgintzako eragileen parte-hartzea funtsezko ekarpenak iruditzen zaizkigu.