ez da hilabete bat igaro zure heriotzaren 40. urtemuga bete denetik, 1973. urteko otsailaren egun hotz batean; eta horrexegatik, orain Abortuaren Legearen erreforma ate joka dugun honetan, beti ere Eliza Katolikoaren sektore erreakzionarioenen esanetara eta mugimendu feministaren aldarrikapenei entzungor egiten zaienean, gogorarazi nahi zaitugu. Eta emakume euskaltzale eta gorria izan zinen aldetik, balorean jarri nahi dugu zuk utzitako ondarea.
Hitz gogorregiak dira egokitu zitzaizkizun garai latzetarako; frankismoak azkeneko astindu odoltsuak ematen ari zenean. Immobilismoa eta kontserbadorismoak emakumea bere paper tradizionalera zokoratzen zuen, beti ere, gizonaren mendean, etxekoandre eta amaren papera betetzera mugatuz.
Honela, urte ilun haietan zu izan zinen argi bakarra Aramaioko baserritik zure inguruan ematen hasi ziren aldaketa garrantzitsuen ildotik ibiltzen hasi zinena. Zuk bizi izan zenituen erlijioaren ukapenak, eta arnastu euskara batuaren hastapenak, euskal kulturaren berpizteak eta, azken finean, askatasunak zekarkien aire freskoa.
Hala ere, une berean, errepresio politikoa, soziala, kulturala, sexuala eta erlijiosoa, bere krudelkeria eta gordintasun guztiarekin zen agerian. Zu izan zinen errepresio honen biktimetako bat, Adela, zure lanetik kanporatua, beste maixu-maistra askorekin batera, ilusio osoz Arrasaten sortu zenuten ikastolatik: berritzaileegia, ateoegia, gorriegia, askeegia baitzinen horretarako.
1973.eko otsailaren 11n utzi gintuzun, ezkutuko abortu baten ondorioz. Hori baitzen haurdunaldia eten nahi zuten emakumeek ordaindu beharreko prezioa, heriotza edo espetxearen arriskuan beti ere. Zure heriotzak, 28 urterekin, agerian utzi zuen beste emakume asko ere abortu klandestinoen ondorioz hiltzen zela, hala nolako erremedioekin, etxe partikularretan, ezkutuan, klandestinitatean. Kolpe latza izan zen, zuk bezala, taburik gabeko, erlijio eta injustizia gabeko eta errepresiorik gabeko gizarte berri baten atarian zeundetela pentsatzen zenuten guztientzat.
Jendarte berri bat, zeinetan emakumeak bere bizitzaren eta gorputzaren jabe diren. Jendarte bat, non eskolan berdintasunean eta harreman afektibo-sexual osasuntsuekin bizitzen erakusten da. Azken finean, eskola hezigarria, inklusiboa; hain zuzen ere gaur egun Lomce Hezkuntza Lege berriak erasotu nahi duena. Lege baztertzaile honen helburua, proiektu hezitzaile ez-sexista guztiak baztertzea baino ez da, eskola frankistara itzuliz.
Berrogei urte eta gero, ikusten ari gara mugimendu feministak protagonismoa izan duen borrokan zuk bezalako emakumeek lortutako eskubideak arrisku bizian daudela: Abortuaren Legearen erreforma, Lomce edo Eliza Katolikoaren botere handiagoa. Hau da, muturreko kontserbadorismo patriarkalaren aire berriak.
Honegatik guztiagatik, Adela, gaur gogoratzen zaitugu zu bizi izan zinen bezala, alai, gogotsu, berritzaile, maistra eta zure emakume askearen irudiari omenaldi bat eskaini nahi diogu. Eta, halaber, aldarrikatu nahi dugu emakume bat bera ere ez dadila hil behar era klandestinoan abortatu behar izateagatik. Abortua, askea, doakoa eta Kode Panaletik at egon behar da.
Zuri zor dizugu Adela, eta zuk bezala, zoko ilunetan bere bizitza galdu duten hainbat eta hainbat emakumeri. Beraz, STEE-EILASetik berretsi nahi dugu abortua emakumeon eskubidea dela, eta hori dela eta, bat egiten dugu bere zigorgabetzea eskatzen duten ahotsekin. Halaber, aldarrikatu nahi dugu sistematikoki ukatzen zaigun memoria historikoa, Adela Arabako lorea gogoratuz.