Benetan harrigarria da ideologia indibudialistarik txarrenak izan duen arrakasta. Euskarari buruz Patxi Lopezi esanarazi dioten azken ergelkeria dela-eta, lehengo batean EHUko errektore ohi Perez Iglesiasek Deian idatzi zuen artikuluxkan hizkuntzek ez dutela eskubiderik azpimarratzen zuen; eskubideak, hiritar diren heinean, hiztunek dauzkatela. Nahikotxo hedatu den ideia dirudi honek. Behar bada gaizki irakurriko nuen edo oker ulertu, buruz ari naiz, gainera, baina esango nuke antzeko zer edo zer ere irakurria naizela inoiz Txillardegiri eta, urrutirago gabe, baita Sarrionandiari ere, bere azken liburuan.
Zertara dator, baina, hizkuntzek eskubiderik ez dutelako hori? Errespetu guztiarekin esanda, hizkuntzen eta hiztunen eskubideen arteko bereizketa egitea inpertinentea da. Aisa uler liteke horren zergatia. Gramatika abstrakto bat baino lehenago, hizkuntza bizi bat definizioz giza talde bat da. Eta giza talde baten parte ez den gizakirik ez dago .
Honela, "Hizkuntza" esanda, era berean, "giza komunitate" diogu. Eta "giza komunitateen" eskubideak aldarrikatzen ditugularik, "pertsonen" eskubideei buruz ari gara. Eta kate logikoak alderantzizko norantzarako ere balio du: "hiztun" diogularik, "hizkuntz komunitate" ere suposatu behar dugu. Eta hizkuntz komunitate jakin bat, azken batean, hizkuntza jakin bat da. Hizkuntza baten eskubideak defendatzea eta hiztun baten eskubideak defendatzea gauza berbera dira. Berbera.
Baiki. "Euskararen" eskubideaz mintzo garelarik, "Euskal Herria" diogu. "Euskal Herria" esanda, "euskaldunen" eskubideez ere ari gara. Non dago arazoa? Hain larria al da? "