historian zehar, herrialde askotan emakumeek ohitura izan dute burua eta gorputza ere estalita eramateko. Honela, lekuen arabera, veloa, zapia, voile, burka, écharpea, estalkia, chamorra, niqab? ezagutzen ditugu estaldura horretarako. Estaldura horrekin askotan menpekotasuna eta errespetoa ere adierazten zioten Jaungoikoari eta gizonezkoari.
Herrialdeak aurreratzen joan diren neurrian ohitura hori ere desagertzen joan da eta gaur egun bakar bakarrik erligioak pisu handia duen lekuetara mugatuta geratu da, emakumearen gorputza estaltzearena batezere.
Orain hasi gara berriro gure kaleetan emakumeak goitik behera edo burua estalita ikusten eta gatazka etxean eta eskolan daukagu, kalean ikusten dena eskolan berragertzen delako. Berdinak al dira, eskolarako, ondartzarako, diskotekarako, eleizarako, hitzaldirako? erabiltzen ditugun jantziak? Galderak oso sinplea dirudi baina erantzuna askoz ere konplexuagoa da. Alde batetik janzkerarekin norbera agertzen da, bestetik, estalduraz jarduterakoan guztien estalduraz eta estaldura guztiez jardun behar dugu: txanoa, txapela, sonbreroa, niqab-a, txadorra, hiyaba, veloa, txadorra? Estaldurek, beti sumisioa erakusten dute? Eta zer gertatzen da erligio sinboloa bada? Hezitzailea da norberaren janzkera, bizi den tokiko arau sozialetara egokitzea? Eta eskolan burua estalita izateak ba ote du zerikusirik heziketarekin?
Euskal Eskola Publikoaren legearen eta indarrean dauden gainontzeko legeen arabera ikastetxe guztiek egin, adostu eta onartu behar dituzte beste batzuen artean Hezkuntza Proiektua, ikastetxeko baloreak definituko dituen dokumentua eta Elkarbizitza Araudia baloreak zainduko dituen beste dokumentu garrantzitsu bat.
Ikastetxe batek erregulatu dezake ikasleen janzkera? Adostu egingo balu erregulatzea, zalantzarik gabe, bai. Eskola komunitateak eztabaidatu eta Eskola Kontseiluan onartutakoak ez duelako inoiz egingo Konstituzioak babesten duen Heziketaren kontra. Eskola bateko Elkarbizitza Araudiak esaten duenean "Burua estali gabe egongo gara gelan" heziketaren kontra jotzen du? Inondik ere ez.
Eskolan era askotako arauak jartzen dira. Heziketa Fisikoko arloak adibidez janzkera bat eskatzen du. Hizkuntzetan hizkuntza bakoitzaren kodigoa arau zehatzez beteta dago eta ikasi egin behar da. Laborategian lan prozeduraren urratsak eta garbitasuna erakutsi egiten dira, bestela arriskua egon daiteke. Ikasleek, edozein arlotan lanak aurkezteko modua arautu egiten da: margenak, ortografia, gramatika, txukuntasuna, orriratzea, lana defendatzea? Eta zer esan kortesiaren munduan sartzen garenean? Elkarbizitza errazteko badira hamaika erregela: nola hitzegin, nola eskertu nola zuzendu zuk behar duzun pertsonarengana, puntualitatea zaintzea, behar den materiala prest izatea... Guzti hau ikasi egiten da eta bizitzarako balio du eta horregatik behin eta berriro huts eginez gero Araudian dauden neurri zuzentzaileetara jo behar da. Eskola garaian landutakoa ikasten ez bada ondorioak beranduago azalduko dira, gizarteko araudiak ere errespetatu egin behar direlako. Izan ere, gizarte zibilaren arauak guztiontzako dira.
Gure ustez heziketa, curriculumaren bidez jasotzen da. Curriculumak, besteak beste, partaideen arteko armonia, solidaritatea, askatasuna, ardura eta errespetua erakusten ditu. Beraz, heziketak arauekin bat egiten du eta janzkera baldin bada garrantzitsua eskolako partaideen arteko berdintasuna eta errespetoa bermatzeko arautu eta bete egin behar da.