Kaixo, Xabier maitea: Ostegunean jaso nuen zure azken eskutitza. Ez zenidan argi esaten larunbatean betirako joateko asmoa zenuenik, baina bai oso makal eta indarrik eta kemenik gabe zeundela (letran ere antzeman nizun nekea?). Orain lasai, goxo eta bakean egongo zara zure aurretik joan diren eta hainbeste maitatu dituzunekin. Tartetxo bat hartzen duzunean, erantzuidazu, mesedez. Eskura izango dituzu orain hodeiak, eguzki eta ilargi izpiak, euri tantak, tximistak, elur malutak? bertan idazteko, eta niri ipar edo hego haizeak ekarriko dizkit zure hitz preziatuak, badakizu, Alkizako muino hori zeharkatuz?
Gogoan hainbeste bizipen hunkigarri ditut! Baina, ez naiz gehiago luzatuko: eskerrak eman nahi dizkizut berriro ere zure laguna izateko aukera eman didazulako, zure bihotza zabaldu eta hainbesteko maitasuna eman didazulako? eta zuk esaten zenidan bezala, "badakizu, ez gaude urruti elkarrengandik; nire arnasa bakoitzean, gauerdi bakoitzean eta bihotz-taupada bakoitzean, zu ere hor zaude".
Egunen batean bilduko gara, Xabier. Muxu handi bat, bihotzez.