Euskararen egunean zer edo zer esan beste erremediorik ez omen, eta horratx López lehendakariaren adierazpenetik zenbait pasarte. Hasteko, "euskaldunak munduan mundutar gara", diosku lehendakariak. Lasai egon gintezke beraz; ez gara extralurtar edo pikondotikeroritar, mundutar baizik, hau da poza eta lasaitua!

Jarraian, Bernat Etxepareren enegarren zita: "Zeren baskoak baitira abil, animos eta jentil, eta hetan izan baita zienzia guzietan letratu handirik, miraz nago, nola batere ezten asaiatu bere lengoaje propriaren faboretan heuskaraz zerbait obra egitera eta eskributan emaitera? Eta kausa honegatik gelditzen da abataturik, ezein reputazione bage, eta berze nazione orok uste dute ezin deus ere eskriba daiteiela lengoaje hartan?" Eta miraz gaude gu ere, lehendakari hau nola batere ez den saiatu euskararen faboretan, euskara ikasten eta mintzatzen eta eskributan emaiten? Bere utzikeriaren erruz ere, gelditzen baita abaildurik, ezein reputazionerik gabe, eta bertze nazionetako ordezkari orok uste baitezakete ezin eskriba daitekeela euskaraz, bera baita EAEko euskal herritarren lehendakaria.

Ondotik diosku euskara mundu zabalean dabilela, Unibertsitatean eta hedabideetan ere, "ezintasun" asko eta asko apurtu direla? baina hara non, lehendakariaren beraren ezintasuna ez. Euskararen hedatze masibo horrek ez du lehendakaria harrapatu, ezta bere gobernuko kontseilari gehienak ere.

"Euskara guztien aukera da", dio eskuzabal. Ez da egia, baina A ereduko ikaslearentzako ez da aukera. Lanbide Heziketan urriak dira euskaraz ikasteko aukerak. Unibertsitatean ez dira oraindik osatu. Lan munduan (hasta)penetan gaude. Jaurlaritzan bertan ametsa da oraindik euskaraz lan egiteko aukera gehienentzat, lehendakariarekin eta gobernukide gehienekin euskaraz aritzea bezalaxe.

Eta ondotik: "Hiritarren askatasun eta borondatean nahi dugu oinarritu etorkizuna". Baina horrela bada, non gelditu da euskaldunon hizkuntza askatasuna? Ez dugu guk ikusten lehendakariari eta gobernukide gehienei euskaldunon hizkuntza askatasunak kezka handirik eragiten dienik. Izan ere, euskaldunon aukera urriak murriztea dirudi gobernu honen zeregin behinenetakoa. Aurrerago, "Jaurlaritzak ez ditu euskaltzaleak bazterrean utziko: laguntza eta babesa izango dute"? Eskerrik asko euskaltzaleok "bazterrean ez uzteagatik".

Hala ere, atrebentzia ez bada, eskari xume bat luzatu nahi genizuke: posible litzateke erdaldunek dituzuen hizkuntza eskubideak aplikatzea euskaldunoi ere?

Despedidarako Lizardi aipatu du lehendakariak: "Baina nik, hizkuntza larrekoa, nahi haunat ere noranahikoa?" Itzela! Euskara larrekoa dugu beraz, baserrikoa, borda-usainekoa ez besterik. Kalerako, ikasteko, eta lanerako, hitz batean, noranahiko izan dadin lanean ari omen da gobernu hau. Halakoak irakurri beharra ere?

Benetan uste dute egungo oposizioko alderdiek, Gobernua sustengatzen duten PP, UPyD eta PSE euskararen aldeko politika egokiak bultzatzen ari direla?

Aplikatzen hasita dauden neurri murriztaileei "malgutasuna" dei dakieke? Ala eskubideen urraketa?