Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako BizkaIdatz Txikia haur eta gazteentzako literatura lehiaketaren hamaikagarren ediziorako kontakizunak aurkezteko epea otsailaren 13an bukatuko da.
BizkaIdatz Txikia Bizkaiko Aldundiak antolatzen du eta amaitu gabeko kontakizun baten amaiera idaztean datza. Hain zuzen, Borja Alonsok eta Veronica Simonek idatzi dituzte kontakizunen hasierak edizio honetan.
Alonsok 'Zuhaitzaren desira' euskarazko istorioa hasi du, eta Simonek, berriz, Los rostros de la selva gaztelaniazkoa. Zuhaitzaren desira istorioaren testuak Maria Altunak ilustratu ditu, eta Janire Ordunak sortu ditu Los rostros de la selva istorioaren irudiak.
Parte hartzaileek kontakizuna amaitu beharko dute proposatu zaizkien istoriora, pertsonaietara eta kontaerara egokituta, testuaren hizkuntza kontuan hartuta. Epaimahaiak hala ebatziko balu, bi modalitateetan irabazteko aukera ere izango lukete.
Bizkaiko edozein udalerritako ikastetxeetan ikasten ari diren 16 urte bitarteko adingabeak aurkeztu ahal izango dira lehiaketara, bai haurren kategorian (Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. -I. taldea- eta 5. eta 6. -II. taldea- mailetako ikasleak), bai gazteen kategorian (Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. -III. taldea- eta 3. eta 4. -IV. taldea- mailetako ikasleak).
Kontakizunak jasotzeko epea otsailaren 13an amaituko da. Testu guztiak lau orrialde luze izango dira gutxienez, eta bost gehienez. Eskuz idatziz gero, letra argia erabili behar da; ordenagailuz idatziz gero, berriz, Times edo Arial letra mota erabili behar da (12 gorputza), DIN A4 orrietan, lerroarte bikoitza utzita.
Idazlanak Erregistroa eta Herritarrenganako Laguntza Bideratzeko Bulegoan aurkeztu ahal izango dira (Diputazio kalea 7, 48008, Bilbo). www.ebizkaia.eus Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan ere bidali ahalko dira, edota erregistro publikoetan eta posta bulegoetan aurkeztu, oinarrietan xedatutakoaren arabera.