Bilboko Udalak arte eszenikoak hezkuntza tresna gisa sustatzeko konpromisoari eutsiko dio ikasturte berrian eta gazteei antzerkira hurbiltzeko aukera ematen jarraituko du berriro martxan jarriko dituen Eskolatik antzerkira programaren eta antzerki lehiaketaren bidez.

Alde batetik, Mitusu elkartearekin batera sustatutako Eskolatik Antzerkira ekimenaren edizio berrian, txikienentzako ikuskizunak izango dira eta beraiekin antzerkira doazen irakasleei esperientziaren hurbilketa pedagogikoa egiteko aukera emango zaie.

Aurtengo egitarauaren ardatza Johann Wolfgang von Goethek inspiratutako "entzute aktiboa" da, eta L 'Horta Teatre, Paraiso Antzerkia, Hika Teatroa, Ka Teatre eta Mar-Mar Teatro konpainiek parte hartuko dute. Emanaldiak urria eta abendua bitartean izango dira Azkuna Zentroan eta Otxarkoagako Udal Zentroan.

Sarrerak 5,50 euro balio du publiko orokorrarentzat eta doakoa da irakasleentzat. Erreserbak irailaren 16tik 27ra egin ahal izango dira (09:00etatik 15:00etara), 672 689 548 telefonoan edo mitusu.net webgunean. Antolatzaileek posta elektronikoz baieztatuko dute ikuskizunetara joateko onarpena, eta ikastetxeek 15 egun lehenago ordaindu beharko dute sarreren %100a.

Bestalde, Bilboko Udalak Eskola Antzerki Lehiaketaren 28. edizioa ere antolatu du, ikastetxeekin elkarlanean, antzerkiaren eta arte eszenikoen mundua hezkuntza jardueren programaren barruan sartzen laguntzeko.

Lehiaketan parte hartu nahi duten taldeek izena eman beharko dute kultura@bilbao.eus helbidera mezu elektroniko bat bidalita. Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleak dituzten Bilboko ikastetxeak bakarrik aurkeztu ahal izango dira.

Lehiaketaren bidez, alde batetik, sorkuntza sustatu nahi da, Bilboko ikastetxe guztiek parte har dezaten, eta, bestetik, kalitatezko antzezlanak erakustea, bereziki haurrei eta gazteei zuzenduta, konpainia profesionalen eskutik.