BBK Salak eta Tartean Teatroa konpainiak Non dira haurrak?' izenburuko baterako ekoizpenba estreinatuko dute Bilboko aretoan bertan irailaren 28an eta 29an. Ondoren, urriaren 4, 5 eta 6an, gaztelaniazko bertsioa aurkeztuko dute.
Gorka Martinez BBK-ko zuzendari nagusiak astearte honetan antzezlanaren aurkezpenean nabarmendu duenez, dagoeneko BBK Salaren seigarren ekoizpen propioa da azken hiru urteetan, "sorkuntza gune izatearen aldeko apustua" egin zutenetik, eta ez soilik erakusketa gune".
Gainera, "lurraldearekin dugun konpromisoari" eutsi nahi izan diotela adierazi du, "tokiko artisten talentuarekin". "BBKren laguntzari esker, mahai gainean jarriko dituzte egungo arazo sakonak. Izan ere, BBK Salan, artearen eta, oro har, kulturaren eta, bereziki, arte eszenikoen botere eraldatzailean sendo sinesten dugu", esan du.
Jokin Oregik idatzi eta zuzendu du 'Non dira haurrak?', eta gertaera tragiko eta gogor batetik abiatzen da (Maddi 8 urteko neskatoaren suizidio saiakera), helduen munduaren erretratu korala egiteko. Izan ere, antzezlaneko haurrak ez dira taula gainean agertzen, pertsonaiek interpelatu egiten dituzten arren.
Haurtzaroaren ez-agertze horrekin kontrajarrita, "gizarte apurtu, krudel, antsietate eta depresibo bat deskribatzen dugu, ezinbestean belaunaldi berriengan eragina duena", aurreratu du aurkezpenean Oregik berak.
Iraia Eliasek eta Sandra Ferrusek (euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan txandakatuz, hurrenez hurren), Getari Etxegaraik, Javier Barandiaranek, Iñigo Aranburuk, Ruth Guimerak eta Irene Zarrabeitiak osatzen dute antzelanaren aktore zerrenda, Maddiren amaren eta aitaren, psikologoaren eta gainerako helduen rolak eginez.