Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoaren kontratazio batzordeak Construcciones Moyua, Jaizubia eta Geotúnel enpresek osatutako aldi baterako enpresa batasunari esleitu dio ostegun honetan Bilbo-Donostia lineako Orio eta Usurbil artean dagoen Aginagako trenbide saihesbidearen eraikuntza, 30,6 milioi euroren truke (BEZ aparte) eta 40 hilabeteko egikaritze epearekin.
Trenbide bikoitzean 1.329 metro luze izango den tunel bat eraikitzeak egungo ibilbidea laburtuko du eta Zarautz eta Donostia arteko maiztasunak bikoiztea ahalbidetuko du, Euskal Trenbide Sareko (ETS) iturriek prentsa ohar baten bidez jakinarazi dutenez.
Hain zuzen ere, 93+166 eta 96+151 kilometro puntuen arteko trenbide trazadura trenbide bakarrean doa, Oria ibaiaren paraleloan. Toki horretan meandro bat egiten du eta, beraz, bihurria da, erradio txikiko kurbak eta kontrakurbak baititu. Gaur egun, trenek Aginaga mendia inguratzen dute, eta bederatzi minutu behar dituzte Aia-Orioko eta Usurbilgo geltokiak lotzeko.
Funtsean, 1.329 metroko luzerako trenbide bikoitzeko meategi tunel bat eraikitzean oinarrituko dira lanak. Bi muturretan tunel faltsuko egiturak proiektatu dira, obra ingurunean integratzeko. Bilbo aldean 24 metroko luzera izango duen soluzioa diseinatu da, eta Donostiakoan 30 metro izango ditu. Tunelak 371 metro luzeko larrialdietarako galeria bat ere izango du.
Trenbidearen trazadura berriak 1.500 metro inguru murriztuko du ibilbidea, eta bi minutu gutxiago beharko dira Aia-Orio eta Usurbil geltokien arteko bidaia egiteko. Tunel osoan trenbidea bikoiztuko denez, bidaiarien eta salgaien unitateak gurutzatu ahal izango dira. Baldintza horiekin, trenbidearen zerbitzu ahalmena handituko da, eta, beraz, gaur egun 30 minuturo zirkulatzen duten ibilgailuek 15 minuturo zirkulatu ahal izango dute.
ETSren arabera, trazadura aldaketarekin, ustiapenean ere "hobekuntza nabarmena" lortuko da. Horrela, trazaduraren inguruan zuhaitz eta ezponda ugari egonda arazo asko sortzen dituen baso-eremua uztean, azpiegituran eragin gutxiago sortuko da eta mantentze lanak murriztuko dira. Horrek bidaiarien erosotasun eta segurtasun baldintzak optimizatzen lagunduko du.