Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia aktibatuko du prezipitazio handiak espero direlako Kantauri isurialdean astearte honetako 21:00etatik asteazkeneko 09:00ak arte.
Izan ere, Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, baliteke ordubetean metro koadroko 15 litro pilatzea Kantauri isurialdeko zenbait tokitan, bereziki ipar partean. Zaparrada ertainak botako ditu, baina baliteke zenbait lekutan handiak izatea.
Biharko egunari dagokionez, Euskalmetek iragarri duenez, zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da. Zaparrada txikiak egingo ditu, noizbehinka ertainak Kantauri isurialdean. Ipar/ipar-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoetan aldaketarik ez. "Egunaren lehenengo partean zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da eta egunaren bigarren partean hodeitsu edo oso hodeitsu. Kantauri isurialdean zaparrada txiki-ertainak botako ditu eta baliteke goizaldean eta goizean goiz Kantauri isurialdearen iparraldean zenbait lekutan zaparradak handiak izatea. Mediterraneo isurialdean noizbehinka zaparrada txikiak botako ditu. Ipar/ipar-mendebaldeko haizea ahul-bizi ibiliko da, haizeguneetan bolada gogor batzuekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez".
Ostegunean ere zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu. Zaparrada txikiak egingo ditu; Kantauri isurialdeko zenbait tokitan ertainak egin ditzake. Ipar/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperaturan aldaketarik ez.