Ertzaintzak eta Udaltzaingoak herritarrei eskatzen die arreta handiagoa jar dezatela kalean, orokorrean, eta jendea pilatzen den lekuetan, bereziki, gertatu ohi diren lapurreten eta ebasketen aurrean. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak, elkarlanean eta modu koordinatuan, indartu egin dituzte segurtasuna eta zaintza, bai jai-esparruen barruan eta kanpoan ere., Bilboko jaiak direla eta.
Diru-zorroen, poltsen eta mugikorren lapurretak jende asko pilatzen den lekuetan gertatzen dira batez ere, hau da, ostalaritzako lokaletan eta jai-esparruetan. Hori dela eta, herritarrei gomendatzen zaie arreta berezia jartzeko euren gauza pertsonalen gainean, eta leku isolatuetara ez apartatzen saiatzeko zaurgarritasun-egoerak saihesteko.
Bestalde, egun horietan ez da alde batera utzi behar etxeetako segurtasuna (batez ere bizitza bakarreko etxeetan, etxabeetan edo lehenengo solairuetan), ezta ibilgailuetakoa ere, eta ez dira agerian utzi behar lapurtu litezkeen balioko objektuak.
Ebasketei eta lapurretei aurre egiteko gomendioak:
"Gauza pertsonalak, telefono mugikorrak, diru-zorroak, agiriak eta abar txamarra edo poltsa barruko konpartimentuetan edo poltsikoetan gordetzea komeni da. Objektu horiek ez dira agerian utzi behar, ez mahai gainean ez karteristen eskuera.
Poltsa beti ondo helduta eta gorputzari erantsita eraman behar da, indarrez tira egin eta kentzea saihesteko. Ahal dela, lepotik urrezko katea indarrez tira eginda kentzea ere prebenitu behar da.
Jende asko dagon lekuetan, ez fidatu gure ondoan jartzen diren pertsonez, batez ere jarrera susmagarriren bat nabaritzen badugu edo eskuetan arropa tolestu bat badaramate disimulatzeko.
Gaur egun hain ohikoa ez bada ere, batez ere gazteen artean, kutxazain automatiko batetik dirua ateratzera bagoaz, gorputzarekin oztopatu behar da edonork eragiketa ikustea, eta dirua lehenbailehen gorde behar da, gure eskuetan erakutsi gabe.
Garrantzitsua da lagun-taldetik ez aldentzea, eta, are gutxiago leku apartatuetara edo argi gutxi dagoen lekuetara. Beti norbaitekin egotea komeni da, indarkeria eta beldurra erabiliz egindako lapurreten edo beste delitu batzuen egileak biktimaren zaurgarritasunaz baliatzen baitira hau bakarrik dagoenean".