Euskotrenek jakinararazi duenez, Bilboko Aste Nagusirako metro (L3) eta tranbia zerbitzu zabala eskainiko du egunez eta gauez, abuztuaren 17tik 25era bitartean.
Zehazki, trenbidearen eta metroaren zerbitzua indartuko du Euskotrenek, bi noranzkoetan, honako tarte hauetan: E1 Matiko/Bilbo-Elgoibar, E3 Kukullaga/Etxebarri-Lezama, E4 Matiko/Bilbo-Bermeo eta L3 metroa Bilbon (Matiko/Bilbo-Kukullaga/Etxebarri).
Bestetik, Euskotrenek informatu du Bilboko tranbia egunean 22 orduz ibiliko dela Aste Nagusian. Su artifizialak botatzeagatik baino ez da etengo. Hala ere, tranbien zerbitzua aldatu ahal izango da, eten zehatzak behar dituzten jai-programako beste jarduera batzuen ondorioz.
Euskotrenek abuztuaren 17tik 25era bitarteko astean trenbidez, metroz edo tranbiaz joango diren pertsonei gomendatzen die ordutegiak aldez aurretik kontsultatzeko APP ofizialean eta www.euskotren.eus webgunearen bilatzailean.
Bestalde, Renfe Aldiriak komunikatu duenez, Aste Nagusia dela eta, abuztuaren 17tik 25era Aldiriko 2.656 zerbitzu inguru izango dira martxan. Renfe Aldiriakek 35 urte baino gehiago daramatza Aste Nagusirako gaueko trenak programatzen.
Renfe Aldirietan, gaueko zerbitzuan orotara goizaldeko 256 tren izango dira abuztuaren 17ko gauetik 24ko gauera. Trenak Bilbo gunea osatzen duten lau lerroetan ibiliko dira: C-1 (Bilbo-Santurtzi), C-2 (Bilbo-Muskiz), C-3 (Bilbo-Urduña) eta C-4 (Bilbo- Balmaseda/La Calzada).
Gainera, Aste Nagusira begira Renfek hedatuko duen plangintzak gauetako trenen ordutegian ere izango du eragina. Ordu tarte intentsoena 21:00etatik 00:00etara artekoa izango da gauero (su artifizialekin bat etorriz, Bilboko jaietako ekitaldirik jendetsuena baita). Mugikortasuna maximoa izango da hiru ordu horietan, eta hegoaldeko linean (Barakaldo-Bilbo) trenen arteko maiztasuna 15 minutukoa izango da. Balmaseda eta Urduñako lineatan ere tren kopurua areagotu egingo da suak ikustera joateko.