Basque Culinary Centerreko (BCC) Gastronomia Zientzien Fakultateak sukaldaritza ikastaro berritzaile bat eskainiko die 2025ean "zale porrokatuei". Sukaldaritzako gaitasun eta teknika aurreratuak eskuratzeko prestakuntza osoa eskainiko du aditu talde batekin, hiru hilabete iraungo duten aurrez aurreko eta sareko eskolen bidez.

BCCko iturriek jakinarazi dutenez, 2025eko urtarrilaren 10ean hasiko da ikastaroa eta izen-ematea zabalik dago. Parte hartzeko ez da beharrezkoa aldez aurretik sukaldaritzako ezagutzak izatea, eta nahikoa da sukaldaritza gogoko izatea.

Ikastaroak 16 leku eskainiko ditu gehienez, eta hiru hilabete iraungo du. Aurrez aurreko zazpi saio izango ditu (ostiraletan, 17:30etik 21:00etara eta larunbatetan, 09:00etatik 13:30era), eta sareko sei eskola, ordu eta erdikoak (asteazkenetan 18:30etik 20:00etara).

Parte hartzaileek errezeta tradizionalak eta une berezietarako errezetak egiten ikasiko dute, eta, besteak beste, janari-edarien uztartzeari buruzko ezagutzak, elikagaien kontserbazioari edo nutrizio onurei buruzko aparteko trebakuntza saioak eta garaian garaiko produktuen garrantziari buruzko ezagutza jasoko dituzte. Gainera, platerak modu sortzailean aurkezten edo dekoratzen ere ikasiko dute.

"Zalantzarik gabe, gastronomiako azken joerak ezagutuko dituzte, 'learning by doing' (eginez ikasi) metodologia erabiliko duten profesionalen aholkuei esker", adierazi dute.

Basque Culinary Centerrek gazte nahiz helduei eskaintzen dizkien gainerako jarduerei gehituko zaie ikasatro berria; adibidez, datorren udazkenerako ikastaroak, tailerrak eta mintegiak antolatu dira adin guztietakoek janaria prestatzen goza dezaten Gastronomia Zientzien Fakultateko instalazioetan, besteak beste, arrozak prestatzen, parrilla erabiltzen eta pintxoak, amonaren errezetak eta nazioarteko sukaldaritzako platerak paratzen.