Bermeoko (Bizkaia) Arrain Azokaren 30. edizioak helburuak bete dituela eta lehenengo balorazioa "oso positiboa" dela adierazi du Nadia Nemeh Shomaly alkate eta Arrain Azoka Elkarteko presidenteak.
Eguraldiak beti zerikusia izaten duela gogorarazi du, eta tarte batzuetan aurten ere eragina izan duela. Azaldu duenez, hiru egunak jendetsuak izan badira ere, larunbat goiza izan da jendetsuena.
Enpresa erakusleak eta parte hartzaile guztiak, orokorrean, "oso pozik" agertu dira lortutako emaitzekin, nahiz eta oraindik balorazio sakonagoa egiteko bildu behar diren. "Aurten ere argi gelditu da Bermeoko Arrain Azoka itsas kulturaren erakusleiho garrantzitsua dela", nabarmendu du.
Bermeoko alkateak Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldian izan zen parte hartze handia nabarmendu nahi izan du, horiekin guztiekin egotea "ohore bat" izan zela gaineratuta: "Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundi eta udal eta beste erakunde batzuetako ordezkari asko eta asko izan genituen gurean, guretzat garrantzitsua den Arrain Azokaz disfrutatzen. Eskerrik asko guztiei".
Bestalde, aurten ere, Bermeoko Arrain Azokak programa "zabala" eskaini duela eta ekimen gehienak "arrakastatsuak" izan direla aipatu du, hiru nabarmenduz: Lamerako karpan egin diren Biotza Arostegi eta Unai Urrestiren gastronomia saioak, Urdaibaiko esentzien uztartze dastaketak eta Juan Antonio Apraiz 'Koiote' bermeotarraren hitzaldia.
Gune Solidarioa ere aipatu du, aurten Kofradia Zaharretik Lamerara lekualdatu dena, eta hartutako erabakia "oso ona" izan dela esan du. "Asko izan dira elkartasun gune horretara atun errea eta marmitakoa jatera hurbildu diren herritarrak eta bisitariak. Eguerdi aldera, Arrain Azoka ingurua jendez beteta egotea ekarri du", azaldu du.