Antibiotikoekiko erresistente bihurtu diren bakterioen arazoa erakusten duen Elhuyarren Erresistente dokumentalak ohorezko aipamena jaso du Italiako Ponza Film Awards zine jaialdian. Gainera, dokumentala ikusgai dago jada EITBren Primeran plataforman.
Elhuyarren iturriek jakinarazi dutenez, Italiako jaialdiaren ezaugarritako bat da urteko sarituez gain beste film batzuk aitortzen dituela hilero, eta horrela, 'Erresistente' otsaileko sarituetako bat izan da. Hileroko aintzatespen horri esker, talentu berriak eta ideia berriak nabarmentzen ditu zinemaldiak. Gainera, jaialdiarekiko eta parte hartzen duten zinemagileekiko interesa bizirik mantentzen laguntzen du, eta babesa eta agerikotasuna ematen die zinemagileei urte osoan.
Saria jasotzeaz gain, Elhuyarrek egin eta ekoitzitako Erresistente dokumentala EITBren Primeran plataforman ikusteko aukera dago jada https://primeran.eus/m/erresistente. Modu honetan, dokumentalaren helburua beteko da: arazoa gizarteratzea.
"Izan ere, superbakterioek osasun arazo larri bihurtuko dituzte gaixotasun infekziosoak. Osasunaren Mundu Erakundearen aurreikuspenen arabera, 2050ean, superbakterioak mundu osoan egongo dira, eta minbiziak baino heriotza gehiago eragingo dituzte", azaldu dute Elhuyarretik.
'Erresistente' dokumentalaren zuzendaria eta gidoigilea Bego Zubia Gallastegi da. Dokumentalak planeta osoari eragiten dion arazoa mahai gainean jartzen du ikertzaile, mediku, albaitari eta medikuen testigantzen bitartez. Gaixotu eta osatu direnek ere dute ahotsa dokumentalean. Lanak edozeini gerta dakiokeela erakusten du, baina, era berean, arazoari aurre egiteko aukera badagoela ere.
Bide horretatik, Estatu espainiarrean berria den tratamendu baten nondik norakoak ezagutzeko aukera ematen du, eta, horrekin batera, lehenengo pazienteetako baten bizipenak entzuten dira. "Infekzioa gainditzea lortu dutenen testigantzak hunkitu egingo gaitu, eta, aldi berean, bakterio erresistenteak areagotzearen ondorio larriak plazaratuko ditugu, eta horrek arazoari aurre egiten lagunduko digu, irtenbidearen zati bat guztion esku baitago", esan du zuzendariak dokumentalaren muina laburbiltzeko.
'Erresistente' dokumentala eraikitzailea da, eta egon daitezkeen konponbideak azaltzen ditu protagonisten bitartez, haiek izango baitira arazo larri honi aurre egin behar diotenak.