Bizkaiko Foru Aldundiak 23,6 milioi euro baino gehiago erabiliko ditu aurten II. eta III. mendekotasun gradua aitortua duten adinekoak zaintzeko 582 plaza hitzartu finantzatzeko lurraldeko udalen titulartasuneko 15 egoitzatan, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Aldundiko bozeramaileak iragarri duenez.
Hain zuzen, foru erakundeko gobernu kontseiluak onetsi ditu jada Arratiako Mankomunitatearekin eta Basauri, Dima, Getxo, Ondarroa, Orozko, Otxandio, Santurtzi, Urduña, Zalla, Zeberio eta Sestaoko udalekin sinatutako hitzarmenak -erakunde horiek baitira udal egoitzen titularrak-; Foruko Udalarekin sinatutako hitzarmena ostegun honetan onetsi da, eta Bermeokoa eta Erandiokoa baino ez dira falta onartzeko, izapidetze prozesuan baitaude.
Guztira, 23.618.887 euro inbertituko dira hitzartutako zentro horiek mantentzeko. Plaza guztietatik 70 bizikidetza unitateetan daude, guztiak Getxoko udal egoitzan, zentroa osorik bizikidetza unitate bihurtzeko prozesua amaitu duen lehena izan baita.
Hitzarmen horiek Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak sinatutako lankidetzarako esparru akordioaren baitan daude. Udal titulartasuneko zentro guztien eta foru erakundearen arteko harremanak arautzen ditu akordioak.
Hitzarmenen xedea da, batetik, udalek eta mankomunitateek erabiltzaileei arretarik onena eta kalitatezko zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko duten lehentasunari erantzutea, eta, bestetik, zerbitzuen zorroari buruzko dekretuaren garapenarekin eta Bizkaiko Gizarte Prestazioen eta Zerbitzuen Maparen hedapenarekin koherentea den metodologia baten bidez egitea, lankidetzan.
Gainera, toki erakundeekin egindako hitzarmenei esker, II. edo III. mendekotasun gradua aitortua duten pertsonek, hala nahi badute, udal titulartasuneko egoitza zentroetan jarraitu ahal izango dute, Bizkaiko Aldundiak finantzatuta, eta, hala, arretaren jarraitutasuna bermatuko da, bai eta pertsonen aukeratzeko askatasuna ere, mendekotasun egoeran daudenean, arreta jasotzeko baliatu nahi duten zentroa aukeratzeko.