Gasteizko lehen hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako 635 neska-mutilek idatzi eta ilustratu duten 'Osasun hitzak - Palabras saludables' ipuinen liburuak haurren artean buruko osasuna bultzatzeko ohitura onak sustatzen lagunduko du. Ikasturte honetan hiriko zazpi ikastetxetan egindako tailerraren emaitza da liburua.

Liburuaren aurkezpenean azaldu dutenez, 'Gasteizko haurren eta nerabeen egoerari buruzko azterlan diagnostikoa' ikerlanak buruko osasuneko arazoak dituzten neska-mutilen eta nerabeen ehuneko handia eta egoera animiko horiek bieratzeko arreta eskaerak izandako gorakada detektatu zituen.

Raimundo Ruiz de Escudero Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken zinegotziak gogorarazi duenez, udalaren misioa da hiriko neska-mutilen eta nerabeen eskubideak zaintzea, haien beharrei erantzuna emango dieten prebentzioko eta babeseko ekintzen bidez ongizatea lortzeko. Hain zuzen, Gizarte Politiken Saileko Haurtzaroa eta Senitarte Udal Zerbitzua arduratzen da babes hori zuzentzeaz Gasteizko Haur eta Nerabeen III. Tokiko Planaren bidez.

Udal eskumenetako bat prebentzioa denez, Gasteizko Udalak buruko osasunerako ohitura onak sustatzeko kanpaina bideratzea erabaki zuen, eta horrela sortu zen 2022an 'Gelditu indarberritzeko. Onartu, eraldatu eta baloratu zure osasun mentala' kanpaina. Ekimenak jarduera eta ekintza ugari biltzen ditu eta 2023an eta 2024an ere jarraitu dute.

Hain zuzen ere, 2023ko irailetik abendura bitarte egindako jardueretako bat izan zen haurrek idatzitako eta ilustratutako ipuinak sortzeko tailerra, 'Osasun hitzak - Palabras saludables' izenekoa. Alabazan kolektiboak dinamizatuta, haurrek aukeratutako eguneroko egoeren bidez emozioak landu eta buru osasunerako ezinbestekoak diren gaiak jorratu zituzten, hala nola emozio eta sentimenduei buruzko gogoeta eta haurtzaroan eta nerabezaroan ohitura osasungarriak sustatzea.