Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak harrera egin diete Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Lanbide Heziketako 15 ikastetxetako ordezkaritza bati Tknika Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa eta Berrikuntza Aplikatuko Zentroan, Errenterian (Gipuzkoa), Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez.
Ordezkaritzaren buru Justen Thomas AEBetako Madrilgo Enbaxadako Hezkuntza, Ekintzailetza eta Ingurumeneko agregatua eta Hispanic Association of Colleges and Universities erakunde arduradunak izan dira. AEBetako, Latinoamerikako eta Espainiako Estatuko 500 ikastetxe eta unibertsitate baino gehiago ordezkatzen ditu erakundeak.
Espainiako Estatuko 500 ikastetxe eta unibertsitate baino gehiago ordezkatzen ditu erakundeak
Enbaxadak sustatutako ekimenaren baitan egin da bisita, AEBetako Lanbide Heziketako ikastetxeek Euskadiko eredua eta bertan garatzen ari diren berrikuntza proiektuak ezagutu eta AEBetako eta Euskadiko ikasleen eta Lanbide Heziketako ikastetxeen artean harremanak eta trukeak sustatzeko asmoz.
Lanbide Heziketako euskal sistemari eta horren adierazle nagusiei buruzko aurkezpen orokor baten ondoren, ordezkaritza estatubatuarrak Tknikako instalazioak bisitatu ditu zentroaren arduradunek lagunduta. Besteak beste, Kalifornia, Arkansas, Nevada, Texas, Illinois edo New York estatuetako 15 ikastetxek adimen artifizial, zibersegurtasun edo automatizazio industrialaren arloetan garatzen ari diren proiektuak ezagutu dituzte, baita ikasleak prestatzeko Lanbide Heziketako lanbide arloetan erabiltzen diren murgiltze teknologiak eta teknologia interaktiboak ere.
Instalazioak eta bertan lantzen ari diren ikerketa eta berrikuntza aplikatuko proiektuak ezagutu ondoren, ordezkaritzak Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe batzuk bisitatuko ditu. Horrela, astelehen honetan arratsaldean, Easo Politeknikoa Lanbide Heziketako Zentro Integratura joango dira, Donostian, eta bertatik bertara ikusi ahal izango dute nola gauzatzen den Teknikan goizean ezagututako proiektu guztien inplementazioa ikasgela eta tailerretan.
Gainera, asteartean Leioako Ostalaritza Eskolara joango dira, eta gastronomiaren esparruko aurrerapenak ikusi ahal izango dituzte, hala nola jatetxe arloko eraldaketa digitala (4.0 Jatetxea proiektua), gastronomiari aplikatutako ingurune birtualak edo elikadura berrikuntzako eta jasangarritasuneko proiektuak.