Osakidetzak lizitaziora atera du dardara esentziala eta Parkinsonen gaixotasuna moduko mugimenduaren nahasmenduak eragiten dituzten gaitzak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) intentsitate handiko ultrasoinu fokalizatuko lehen ekipoa. Gurutzetako ospitalean instalatuko da, 10.100.000 euroko inbertsioa eginda, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostegunean izango den Parkinsonen Gaixotasunaren Nazioarteko Egunaren bezperan jakinarazi duenez.
Intentsitate handiko ultrasoinu fokalizatuen ekipamendua mugimenduaren nahasmendua eragiten duten gaixotasunak tratatzeko teknologiarik modernoena da gaur egun. Oso inbaditzailea ez den teknikari esker, azalean, hezurrean eta garunean inolako ebakirik egin behar izan gabe modu selektiboan aldatzen dira garunaren sakonean dauden egitura neurologikoak.
Ekipoak duen teknologiaren bidez, ohiko ekografia egiteko erabiltzen direnen antzeko ultrasoinuak aplikatzen zaizkio pazienteari, baina ultrasoinu horiek oso intentsitate handikoak dira eta oso lokalizatuta aplikatzen dira garunaren barruko diana txiki batean. Tratamendu horretan, neurologoek, neurokirurgialariek eta neurorradiologoek parte hartzen dute batez ere. Erresonantzia magnetikoaren arloan egiten da, eta pazientea esnatuta egoten da prozedura osoan.
Teknologia hori erabiltzeko oso espezializazio eta esperientzia handia behar da, bai teknikaren hartzaile izan daitezkeen pazienteak egoki aukeratzeko, bai garunaren barruan diana txikiak behar bezala lokalizatzeko.
Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea izango da Espainiako Estatuan mota honetako ekipamendu teknologikoa izango duen zentro bakarretako bat, eta hura erabiltzeko gaitasuna duen mediku taldea du jada. Gurutzetako Mugimenduaren Nahasmenduaren Unitatea duela 20 urte baino gehiago jarri zen abian eta neurologoek, neurokirurgialariek, neurofisiologoek eta neurorradiologoek osatzen dute.