HABE Eusko Jaurlaritzaren Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak euskara ikasteko eta irakasteko Ingura plataforma digitala jarri du martxan, eta aukera emango du euskara edozein gailutik, noiznahi eta nonahi eroso eta malgu ikasteko.
Ingura plataformak bideoetan oinarrituta ariketa ugari eskainiko ditu, hasieratik ikaslea hizketan jarriz, eta egungo ikas-beharrei erantzungo dien eredu tutorizatu modernoa ahalbidetuko du.
Eusko Jaurlaritzako ordezkariek jakinarazi dutenez, legealdi honetako helburua ikasle helduen matrikularen doakotasuna sustatzea izan da, eta bide horretatik doa orain egiten den Ingura plataformaren eskaintza.
HABEk bi urte eman ditu plataforma garatzen eta orain arte erabili den Boga autoikaskuntza sistema zaharkitua ordezkatuko du. Ingura ingurune eleaniztuna da eta euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez aritzeko aukera ematen du. A1 eta C1 mailen bitarteko ikastaroak eskainiko ditu modu progresiboan.
Ikastaroek bi atal izango dituzte, bata irekia (izen-ematearekin nahikoa izango dena), eta bestea matrikula ordaintzekoa (ia doakoa). Ideia da herritarrak euskarara hurbiltzea eta erabiltzaile izatetik ikasle izatera animatzea euskaltegien bidezko euskararen ikaskuntza gidatu eta parte hartzailera erakarriz.
Aurten, Ingurak A1 mailako ikastaroa eskainiko du. 60 unitatez osatua dago eta denak bakarka nahiz taldean modu tutorizatuan sarean egiteko diseinatuak daude. Ikastaroa 100 ikastordukoa da, eta Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Curriculumaren ildo metodologikoei jarraikiz diseinatu da, ikuspegi komunikatiboan oinarrituta eta ekintzara bideratuta.
Horrenbestez, A1 mailako euskara komunikagarritasuna lortzeko, taldean nahiz bakarka, erabiltzaleak ulermen trebetasunak, ekoizleak, elkarreragina eta bitartekotza jarduerak eta estrategiak landuko ditu ikastaroan.
Esan bezala, ikastaroak bi atal izango ditu, bata irekia (izena ematearekin nahikoa izango dena) eta bestea matrikula ordaintzekoa (ia doakoa). Atal irekia jarriko da orain martxan; lehen 30 unitateetako hainbat jarduera egiteko ingurunean izena ematea nahikoa da, atala doakoa eta irekia baita, eta prest dago dagoeneko edozein herritarren esku inguraonline.eus atarian. Guztira 40 ikastordu dira.
Atal ireki honetan 30 egoera bideo eta beste horrenbeste azalpen bideo izango ditu erabiltzaileak, lau hizkuntzatan azpititulatuta, baita autozuzenketa duten gramatika, hiztegia, mintzamena eta kultur edukiak lantzeko jarduerak ere. 1.200 item eskainiko dira atal honetan.
Atal irekiaren helburua da erabiltzaileak euskarara hurbildu eta euskara ikasle bihurtzeko urratsak ematera animatzea ikasteko baliabide atsegin eta erraz bat aurkeztuz, euskaltegien bidezko euskararen ikaskuntza gidatu, parte hartzaile, partekatzaile eta sozialera erakarriz.